Larunbatean Bai Euskarari Ziurtagirien banaketa ekitaldia egingo da, plazan

Uztarria 2005ko eka. 30a, 18:06
Iaz, banaketa ekitaldia egin ondorengo argazkia da.

Guztira, 53 eragilek dute euskararen normalizazio bidean pausoak ematea eta konpromisoak hartzea helburua erakusten duen ziurtagiria

Eguerdiko 12:00etan izango da, udaletxe azpian

Larunbatean, uztailaren 2an, Bai Euskarari Ziurtagirien banaketa ekitaldia egingo da. Ekimen horren bidez, herriko hainbat erakunde, saltoki, enpresa eta elkartek Kontseiluak sustatzen duen Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratuko dute. Eta dagoeneko 53 eragile dira, lehen zuten 44 eragileei bederatzi gehitu baitzaizkie.

Ekitaldian Joze Luis Gorrotxategi bertsolariak eta Itsasi Dantza Taldeak parte hartuko dute. Baita Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak ere, eta Laxaro Azkunek eta Aitziber Salegik hitz egingo dute Uztarriaren eta Azpeitiko gizarte eragileen izenean.

Eguerdiko 12:00etan egingo da, plazan, udaletxe azpian. Iaz, udaletxean egin zen.

Helburua

Ekimena, Uztarria eta Kontseiluaren lankidetzarekin bideratzen da —iaz Udala ere tartean zen, baina 2005eko urtarrilean eten egin zen Uztarriarekin zuen hitzarmena, eta gero Kontseiluarekin zuena—, eta herritarrek euskararen normalizazio bidean urratsak ematea eta konpromisoak hartzea du helburutzat.