Mahaitik mahairako aldea

Leire Ostolaza ('Urola Kostako Hitza'-n idatzia 2005eko ekainaren 26an) 2005ko eka. 27a, 12:06

Bazkalondoak atsegin ditut. Bazkalondoan lagunak biltzen gara kafea hartuz mahai baten bueltan eguneko kontuen berri elkarri emateko.

Azkenaldian noizean behingo bisita atsegina izaten dugu. Mutil gazte bat da, senegaldarra; hogeitabost urte baino gehiago ez dizkiot botatzen, garaia eta mehea da, eta azal beltzaren tartean hortz zuri eder askoekin irrifar eginez hurbiltzen zaigu CDak eskainiz. Bilbon bizi omen da, izen-abizenak ere esan zizikigun behin, baina ezingo ditut badaezpada hemen jarri; baimenik ez diot eskatu. Azkoititik Zumaiaraino doan tartean ibiltzen omen da sarri, kirolarien poltsa ikaragarri bat sorbaldatik zintzilika duela, tabernaz taberna saltzaile ez legalaren zama bizkarrean daramala.

Euskaraz hitz egiten du gurekin, dakizkien sei hizkuntzetako bat baita. Senegaldarra, frantsesa, ingelesa, italiera, gaztelera eta euskara; seiak menderatzen ditu gazteak. Gure elkarrizketei izugarrizko arreta jartzen die gurekin mahaian esertzen denean, eta beretzat berria den hitzen bat entzuten duenean kolpean errepikatzen du galdera moduan. Guk esanahia azaltzen diogunean bere poltsatik ateratzen du hizkuntzak ikasteko tresna magikoa: boligrafoa eta idazliburu txiki bat. Han idazten diogu delako hitza, eta baita nola erabiltzen den gogoraraziko dion esaldi bat ere adibide bezala.

Berak ondoren ingelesera, frantsesera eta gaztelerara itzultzen ditu hitza eta esaldia, eta idatzi dionari bere izena ere idazteko eskatzen dio, mesedez. Horrela, herri bakoitzeko taberna bakoitzeko mahai bakoitzean, hitz berri bat ikasten du eta ikasgai bat eman laneko finkotasuna kenduko zietela esanaz Espainiako tertulia mahaietan hauteskunde kanpaina egin zuten irakasle lotsagabe "euskaldunei".