Lizarpeko festak Urrestillan

Urola Kostako Hitza 2005ko eka. 24a, 14:06
Atzo egin zuten herri afaria Urrestillan

Atzo, San Joan bezperan, herri afariarekin jaiei hasiera eman zioten Urrestillan, eta ondoren gazteek Errezildik ekarritako lizarra igo zuten; asteburu osoan ere San Joan jaiek segida izango dute

Mikel Berasategi: "Guztira hogei bat laguneko taldea aritu gara jaiak antolatzen" (www.urola-kostakohitza.info)

Aurreko asteburuan krosa eta Jubilatuen Eguna ospatu zituzten Urrestillan. Baina jaietako ekitaldi nagusienak atzo hasi ziren, San Joan bezperan. Jarraian, gaur, bihar eta etzi festetan bete-betean sartuta egongo dira urrestildarrak.

Atzo, urestildarren afaria egin ondoren altxatu zuten 24,4 metroko lizarra plazan. Aurretik herriko gazteek kalejira egin zuten zuhaitzarekin. Aurten lizarra Errezil eta Azpeitiko mugatik ekarri dute, hain zuzen Estrada Zaharra baserritik. Andres Aizpuru arduratzen da horretaz azken hiru urtetan. Atzo arratsaldean zuhaitza eraisteko lanetan zebilen, "Orain hiru aste Errezilen afaldu eta etxerantz nentorrela ikusi nuen gaur bota dugun lizarra. Ederra iruditu zitzaidan, eta lagun batzuei komentatu nien. Juan Etxeberria ere ikustera ekarri nuen eta honek balekoa zela esan zidan. Horrelakoetan beti nahiago izaten baita beste batzuen iritzia jasotzea", dio Andres Aizpuruk. Hala ere, Aratz Errekan beste bat aukeratuta zuten. "Kontu handiz eraitsi behar izaten da zuhaitza, eta hautsiko balitz, besteren bat edukitzea hobe izaten da", dio Aizpuruk.

Atzo arratsaldean zazpi lagun aritu ziren lizarra eraisten. Eraitsi bakarrik ez, bide ertzean utzi eta atzo gauean Urrestilgo plazan altxatzeko prestatu zuten, adarrak kendu eta punta zorroztuz. "Plazan zuhaitza sartzen den zuloak 30 zentimetro besterik ez ditu, eta aurretik prestatu behar da".

Urrestillan gaur jarraituko du jaiak lizarpean. Gaur San Joan Eguna, bihar San Joan Txiki eguna eta etzi San Joan hirugarrena ospatuko dituzte.

Antolaketan

Mikel Berasategi Urrestillan ospatzen ari diren San Joan jaiak antolatzen aritu da, beste lagun batzuekin batera. Jaiak aurreko asteburuan hasi ziren, eta asteburu honetan izango dute segida.

Noiz hasi zineten festak antolatzen?

Duela pare bat hilabete hasi ginen. Dena dela, gu aurten aritu gara lehen aldiz festak antolatzen. Aurreko urtean beste talde bat ibili zen, eta aurten guk hartu dugu lekukoa.

Zenbat lagun aritu zarete?

Guztira hogei bat laguneko taldea aritu gara Urrestillako jaiak antolatzen. Lau edo bost lagunek hartu dute gidaritza nolabait esatearren, baina talde polita ibili gara. Gainera, aurreko urtean ibili zirenek ere asko lagundu digute.

Zein izan da batzordearentzat lanik zailena?

Dirua lortzea. Azpeitiko Udalak partidak zehaztuta ditu, eta gure aurrekontua ez zen sartzen. Oraindik ez ditugu negoziaketak bukatu eta ea zer gertatzen den.

Jaiak aurreko asteburuan hasi ziren. Zer moduz joan zen asteburua?

Jaiak asteburuan tokatzen ziren eta ekitaldi asko genituen hiru egunetan sartzeko, eta horregatik aurreko asteburuan hastea erabaki genuen. Krosean egindako beroa kenduta, ekitaldiak ondo joan ziren, espero baino hobeto. Izan ere, eguraldiarengatik kroseko ibilbideari buelta bat kentzea erabaki genuen.

Asteburu honetarako ere ekitaldi asko antolatu duzue. Zer nabarmenduko zenuke egitarautik?

Dena ongi ateratzea espero dut. Ekitaldi asko dugu antolatuta, eta eguraldiak ere zeresana izango du. Bihar sagardo dastaketa dugu, eta bertara jende asko etorriko delakoan nago. Horrez gain, mus txapelketa eta umeentzako jolasak ere badaude, eta giro polita egongo da.