Asteburuan San Joan jaiei aurre hartuko diete Urrestillan

Urola Kostako Hitza 2005ko eka. 16a, 14:06

"Pilota jaialdi polita" izango da bihar; larunbatean krosaren txanda da, eta igandean, berriz, Jubilatuen Eguna

Zapatuan, berriz, ohiko kros txapelketa korrituko da (www.urola-kostakohitza.info)

Datorren astean bete-betean sartuko dira urrestildarrak San Joan jaietan, baina asteburu honetan ere kirola eta jaiarekin lotutako ekitaldiak izango dira Urrestillako Jai Batzordeak antolatuta.

Bihar, izen handiko pilotariek jokatuko dute Txikuri pilotalekuan. Lehen partidan Larralde-Auxkin Berraondo-Urberuaga jardungo dira eta gero, Titin III.a-Eulate eta Gonzalez-Barriola. "Partida onak eta pilota jaialdi polita da. Barriolak inoiz ez du jokatu Urrestillan eta pilotazaleak hemen ikusteko gogoz daude. Larralde, berriz, debutatu berria da", dio Alejo Uranga pilota partidaren antolatzaileak.

.250 eserleku ditu Txikuri pilotalekuak, baina pilota partidarako 50 eserleku gehiago jarriko dituzte. Gero, partida tente ikusteko aukera ere badago, orduan 400 bat lagunentzako tokia egokituko dute Urrestilgo pilotalekuan. "Iaz baino jende gehiago etorriko da, dagoeneko asko ari direlako sarrerak erosten eta jendea gogoz dagoelako. Gero, maila oneko pilotariak datozelako Urrestillako tabernek eta Azpeitiko enpresek ere laguntzen digute, baita Udalak ere; pilotalekuko sarrerekin bakarrik ezingo genuke antolatu era honetako partida bat", dio Urangak.

Sarrerak Urrestillako Ana Mari, Oto eta Auntxa tabernetan daude salgai. Eseritakoak 25 eurotan eta zutikakoak 15ean. ETB-1 katean zuzenean emango dituzte Urrestilgo pilota partidak.

Maila ona krosean

Etzi da Urrestillan IV. San Joan krosa. Han parte hartzen duten haur guztien artean dominak banatuko dituzte, eta kirolerako materiala zozkatuko dute.

Senior mailan, berriz, "aurten ere maila ona" egongo dela espero dute. "Urtez urte, krosean herritarren parte hartzea areagotzen ari da", dio krosaren antolaketan dabilen Xabier Iturralde lasterkari urrestildarrak. Honek ere krosean parte hartuko du.

Euskadiko Kros Txapelketan taldeka txapeldun diren Avia taldeko korrikalariak etorriko dira Urrestillara. Tartean da azken bi urteetan Urrestillan irabazi duen Roberto Ruiz. Bestetik, Pedro Muñoz, Josu Arregi, Agustin Jimenez, Raka Aradi-Zerain Azpeiti-Azkoitiko taldeko kideak, Nieves Zarza eta Josune Tercero ere han izango dira.