Gauean hasi eta datorren asteburura arte luzatuko dira Errezilgo jaiak

Urola Kostako Hitza 2005ko eka. 10a, 13:06

Bederatzietan botako dute jaiei hasiera emango dien suziria, udaletxetik, eta asteburuan hainbat ekitaldi izango da

Luis Arakistain Errezilgo festa batzordeko kidearen hitzetan "herritar guztientzako" egitaraua egiten ahalegindu dira (www.urola-kostakohitza.info)

Gaur gauean hasiko dira Errezilgo San Antonio jaiak, jaiei hasiera emango dien suziria 21:00etan udaletxeko balkoitik bota ondoren. Asteburu honetan zehar, jai giroa nagusi izango da Errezilgo kaleetan, eta herritar guztientzako moduko egitaraua egiten saiatu direla diote. Festa batzordekoen hitzetan, "egitaraua egiterakoan adin guztientzako moduko ekitaldiak sartzen ahalegindu gara, herritar guztiek jaietan parte har dezaten. Saiatu arren, ordea, askotan ez da lortzen. Dena dela, aurtego jaiak guztien gustukoak izatea espero dugu".

Jaiak gaur hasi eta astelehenera arte luzatuko dira, baina urtero egiten duten moduan, astebeteko etena egin ostean datorren larunbat goizean izango dute jarraipena, Ibartzabalgo zelaietan egingo den usakume tiraketarekin. Lehiaketa hori, urtero egiten dute herrian, eta bertara joaten direnak, arratsalde partera arte aritzen dira norgehiagoka. Jaien balorazioa ekainaren 24an egingo dute festa batzordeko kideek.

Festa batzordea

Luis Arakistain errezildarra da festa batzordeko zinegotzia. Errezilgo San Antonio jaiak antolatzen ibili da beste herritar batzuekin batera. "Herritar guztientzako" moduko egitaraua egiten ahalegindu direla dio.

Gaur gauean hasiko dira herriko jaiak. Noiz hasi zineten festak antolatzen?

Duela hilabete eta erdi inguru hasi ginen festak antolatzen. Herritar guztiei bilera zabal baterako deialdia egin genien festen nondik norakoak zehazteko, eta zortzi bat lagun ibili gara: Udaleko jendea eta herriko hainbat gazteren artean osatutako taldea.

Festak nola joango direla uste duzu?

Egia esan, eguraldiaren beldur naiz. Errezil herri txikia da, eta eguraldi txarra egiten duenean jendea nekezago etortzen da gisa honetako herrietako jaietara. Hori alde batera utzita, ekitaldiak-eta ondo joango direla espero dut.

Jende asko ibiltzen al da sanantonioetan?

Herritarrez gain, batez ete Azpeitia, Azkoitia eta Tolosa aldeko jendeak ere etortzeko ohitura du.