Nuarbe, 25 urte eta gero, berriro Suitzara

Urola Kostako Hitza 2005ko eka. 9a, 13:06

Asteburuan, Suitzan, nazioarteko sokatira txapelketa batean parte hartuko dute Nuarbeko sokatira taldekoek

Nazioarteko sokatirarekin lehiatzeko "parada aparta" dela dio Luis Gurrutxaga Nuarbe Sokatira Elkarteko presidenteak (www.urola-kostakohitza.info)

Nuarbe Sokatira Taldeko tiralariek Suitzarako autobusa hartuko dute gaur, 20:30ean, Garmendipeko futbol zelaiaren aurrean hantxe baitute entrenamenduetarako lekua . "Orain dela 25 urte, lehen aldiz irten ginen sokatiralari nuarbetarrak atzerrira, eta justu Suitzara joan ginen orduan ere", dio Luis Gurrutxaga Nuarbe Sokatira Elkarteko presidenteak.

Suitzako talde indartsuenetakoa den Mosnang Sokatira Elkarteak 30. urteurrena ospatzen du aurten, eta asteburuan nazioarteko sokatira txapelketa antolatu du. Norgehiagoka horretan hartuko du parte Nuarbek, larunbatean 600 eta 680 kilotan, eta igandean 640 kilotan lehiatuko da. Euskal Herritik Getxo eta Areso sokatira taldeak ere joango dira Suitzara.

Harremanei helduz

Nuarbetarrak aurreneko aldiz Suitzara joan ziren hartan 1980ko uda zen, eta Basel hirian Europako Txapelketa jokoan zen. "Han ezagutu zituzten nuarbetar tiralariek, gordintasun osoz, nazioarteko sokatiraren oinarriak", dio Gurrutxagak.

Baina, gaur egun, Euskal Herri Kirol Federazioa Nazioarteko lehiatik kanpo dago, eta lehendik kanpokoekin eginda dituzten harremanak ez dituzte galdu nahi nuarbetarrek. "Orain Suitzara egingo dugun bidaia hau parada aparta izango da nazioarteko sokatirarekin lehiatzeko eta, ondorioz, haiekin ditugun harremanak ez galtzeko", nabarmentzen du Nuarbeko tiralarien presidenteak.

Gaur irten eta astelehenean izango dira bueltan. Autobusez egingo dute euskal tiralariek Suitzarako joan-etorria.