Ehun eta bost urte

Urola Kostako Hitza 2005ko eka. 8a, 14:06
Antonia Nazabal, urtebetetze tarta mozten, gustura.

Atzo, asteartea, bete zituen 105 urte Antonia Nazabal azpeitiarrak; urtebetetzea ospatzeko, senide askorekin bazkaldu zuen igandean

Duela urte batzuk izan zen, Azpeitiko anbulatorioan, familia-medikuarengana ohiko azterketa egitera joan zenean. "Beno, Antonia, lehenik eta behin fitxa zuzendu behar dugu, hemen 1900ean jaio zinela ipintzen duelako...", erizain batek. Eta Antoniak ezetz buruarekin: "Ez dago ezer zuzentzeko, ondo dago fetxa hori". 1900eko ekainaren 7an jaio zelako, hain justu, Antonia Nazabal azpeitiarra. Atzo 105 urte.

Urtebetetzea ospatzeko familiarekin bildu zen joan zen igandean, bere etxean, Azpeitian bertan. "Hau da hau jende pila etorri dena gaur hona", zioen, harrituta. "Aurretik ez genion jendea etortzekoa zenik esan, bestela aste osoa urduri pasatuko zukeelako", esan digute senideek. Txukun-txukun jantzi, ezpainak-eta ondo pintatu, eta bazkalordurako prest zegoen. Hogeita hamarren bat lagun bildu ziren Antoniarekin. "Iaz baino hobeto dago-eta", zioten aspaldi ikusi ez zutenek; eta hobeto ezetz dio berak, ikusmena-eta galduxeagoak dituela, baina jan behintzat onenaren pare egin zuen, beti bezala ardo pixka batekin; eta tarta paretik kendu egin behar, bestela bigarrengo aldiz ere jango zuen eta.... "Izugarrizko apetitua dauka, eta zaindu egin behar zaio zer jaten duen...", diote Antoniaren senideek.

.105 urte bete ditu, bai, baina sasoiko segitzen du oraindik. Urteak daramatza "ez zait urte askorik geratzen" esaka, baina hortxe segitzen du, "ahal den bitartean gustura". Duela gutxi arte egunero mezatara joaten zen bakarrik, baina orain ez diote bakarrik joaten uzten, "badaezpada ere". Hala ere, atzo behintzat ez zuen galdu miserikordiako arratsaldeko meza, omenalditxo bat egin ziotelako. Ondo baino hobeto merezitako omenaldia.