Joseba Albizu: "Lortu behar genuena baino askoz gutxiago lortu dugu"

uztarria 2005ko eka. 6a, 17:06

Joseba Albizu txirrindulariak Euskal Bizikletako mendiko elastikoa irabazi du

Talde bezala huts egin dutela dio, nahiz eta taldekako sailkapenean hirugarren geratu

Joseba Albizu txirrindulari azpeitiarrak mendiko elastikoa ekarri du Euskal Bizikletako itzulitik. Aitortu duenez, sailkapen nagusia lortzeko itxaropenez hasi zuen, baina, mendiko sariarekin "kontsolatu" behar omen du. Uztarria.com- Albizurekin egon da eguerdian:

Atzoko etapan protagonista izan zinen.

Bai. Hasieratik ondo hasi nintzen; irabaztera joan nintzen, baina, indarrek hutsegin zidaten, batere gabe geratu nintzen. Gogo handiegiarekin egin nuen lana ihesaldian, hantxe xahutu nituen indarrak. Bizikletari ondo eusteko ere gai ez nintzela bukatu nuen.

Behintzat, mendiko elastikoa irabazteko balio izan zuen.

Nire nahia etapa irabaztea zen, ordea. Nahiko triste bukatu nuen. Hala ere, horrekin kontsolatu beharko naiz.

Sailkapenean 18. postuan bukatu duzu, eta talde bezala hirugarrenak geratu zarete.

Sailkapen nagusia lortzeko asmoz atera ginen itzulian, baina bigarren egunean denbora asko galdu genuen, eta hantxe joan ziren gure aukerak. Nik uste, David Herrero, Aitor Gonzalez eta ni neu lehenengo hamarretan sartzeko gai ginela, talderik indartsuena ginen, baina hor ere hutsegin genuen. Lortu behar genuena baino askoz gutxiago lortu dugu.

Hori ikusita, pertsonalki, etapa bat irabaztera joan naiz; zapatuan ere saiatu nintzen baina ez dut lortu.

Hurrengo itzulia non?

Suizako Itzulian hartuko dut parte, Pro-Tour-ean. Ostiralean joango naiz hara, zapatuan hasten delako. Hamar eguneko itzulia da; ea zerbait egin dudan. Oraingoz, hori bakarrik dakit.