Erlo eta Xoxoteko sare elektrikoa berritzeko asmoa

Urola Kostako Hitza 2005ko eka. 6a, 15:06

Berritze lanak egiten laster hasiko da Jaurlaritzaren Itelazpi enpresa (www.urola-kostakohitza.com)

Erloko komunikazio antena eta Xoxoteko aterpetxea hornitzen duen sare elektrikoa berritzeko lanak egiten laster hasiko da Eusko Jaurlaritzaren Itelazpi enpresa. Bertan dagoen trasformadorea egoera eskasean dago, eta Azpeitiko Udalak dioenez, "kalitatezko zerbitzua eskaini ahal izateko hornidura elektrikoa hobetu egin behar da. Horregatik erabaki dugu lan horiek egitea".

Itelazpikoek Erlo bidean dagoen transformadore elektrikoa aldatu, lurreko babes sarea hobetu eta transformadoretik Erloko Dorrera doan kanalizazioko hodi eta kableak aldatuko dituzte. Tximisten aurkako babes neurriak ere jarriko dituzte, eta argi indarra joaten denerako etengailu automatikoa ere jarriko dute. Horrela, Xoxoteko aterpeak eguraldi txarrarekin dituen arazoak gutxitu egingo direla espero dute. Lan hauek hilabete eta erdi inguru iraungo dutela jakinarazi dute. Hala ere, lan hauek guztiak bukatutakoan ingurunean ondo ezkutatuta geldituko direla esan du Udalak, eta lanak "ingurumena errespetatuta egingo direla". Itelazpikoek diotenez, "berrikuntza hauek hornidura elektrikoaren kalitatea hobetzeko eta segurtasun neurriak egungo legeetara egokitzeko egingo dira".