Azpeitiarrek maila ona eman dute Zegama-Aizkorri mendi-maratoian

Uztarria 2005ko mai. 31a, 16:05

Lau lagun sailkatu dira lehen 50 lasterkarien artean

Asier Oiartzabalek, berriz, 52. postua lortu du Brasilen korritu den Ironman proban, eta munduko txapelketarako sailkatu da

Igandean korritu zen Zegama-Aizkorri Mendi-Maratoiko proba, eta urtero bezala, parte-hartze handia egon zen, bai lasterkarien aldetik, baita ikusleen aldetik ere. Proba egin zutenen artean baziren azpeitiarrak, eta maila ona erakutsi zuten.

Jexux Zelaiak, esaterako, lehenengo aldiz hartu zuen parte proba honetan. Erabakia urtarriletik omen zuen hartua: "Urtarrilean pesak egiten hasi nintzen Erdi Maratoia prestatzeko. Behin hori egin nuenetik, proba honetarako prestatzen ibili naiz. Baina, mendi-maratoian parte hartuko nuela urtarrilean bertan erabaki nuen". Astean zehar 3-4 alditan ibili da mendietatik zehar lasterka, baina, igandeko proba entrenamenduen aldean guztiz ezberdina dela ondorioztatu du: "Behin erdi-maratoia egin nuenetik aurrera, astean 3-4 aldiz joan naiz mendira, 2 eta 4 ordu bitarteko bueltak egitera. Xoxoten, Izazpin, Ernion... hemengo mendietan ibili naiz, baina igandeko proba bera askoz gogorragoa izan da. Dena ezin zen korrika egin, haitzetan zehar oinez joan beharra zegoen eta".

Eta momentu txarrak ere pasa zituen bukaera aldean. Eskerrak lagun ona bilatu zuen: " Bukaeran aldapa txiki bat dago, eta hura igotzen hasi nintzenean kalanbreak izan nituen bi hanketan. Ikusleen artean zegoen arrasatear batek masajeak eman zizkidan; 10 bat minutu galdu nituen. Baina, mesede egin zidan. Ez dakit hura agertu ez balitz zer gertatuko zen".

Goizegi da datorren urtean berriz parte hartuko duen edo ez erabakitzeko, baina, probari buruz lehen zuen ikuspegia zeharo aldatu zaio Zelaiari: "Datorren urterako ikusi egin behar zer egingo dudan, baina gogoa badut. Anbiente oso ona topatu dut, eta probaren zati batzuetan jendea metro batera eta animoak ematen sentitzea izugarria izan da, azkarrago joatera behartzen zaitu horrek. Merezi du".

Zelaiaz gain, Azpeitian bizi den Jose Luis Albizuri azkoitiarrak, Xabin Aranagak, Eneko Goenagak, Gorka Okarizek eta Pedro Mari Aizpuruk ere hartu zuten parte (Uztarriak ez daki gehiago izan ote ziren). Hauxe goiko horien sailkapena:

  • Jose Luis Albizuri, 4:43:40 (38)
  • Xabin Aranaga, 4:52:45 (44)
  • Eneko Goenaga, 4:56:31 (47)
  • Jexux Zelaia, 4:57:08 (48)
  • Pedro Mari Aizpuru, 5:43:06 (177)
  • Gorka Okariz, 5:59:04 (218)

Saikalpen nagusia ikusi nahi bada, web gune honetan aurkituko duzu: www.zegama-aizkorri.com

Ironman

Beste azpeitiar bat, Asier Oiartzabal Brasilen izan da Ironman proba egiten, eta honek ere marka ederra egin du. 52. postua lortu eta Hawain izango den munduko txapelketarako txartela lortu du. Oiartzabalek 10 ordu, 13 minutu eta 11 segundotan amaitu zuen proba.