Denboraldirako asmoak "ondo" bete ditu Lagun Onak-ek

Urola Kostako Hitza 2005ko mai. 31a, 15:05

Hirugarren Mailako taldeak azken partida Eibarren aurka jokatu zuen, herenegun, Garmendipen; 2-3 galdu zuten (www.urola-kostakohitza.info)

Aitor Zulaika entrenatzailearentzat datorren denboraldirako "helburu anbiziosoagoa" jarri behar da, "talde ona" dagoelako

Herenegun bukatu zuen 2004-2005eko denboraldia Hirugarren Mailako Lagun Onak futbol taldeak. Denboraldi ona egin eta hasieran jarritako helburua bete dutelakoan dago Aitor Zulaika taldearen entrenatzailea. Herenegun, Eibarren aurka jokatu zuten denboraldiko azken partida Garmendipen. 2 eta 3 galdu zuten. Azkenean, sailkapeneko 11. postuan gelditu da.

Lagun Onak futbol taldeak azken partida honetan ez zuen ezer ere jokoan, baina Eibar Preferentera jaisteko arriskuan zegoen, larri. Lagun Onaken aurka irabazi beharra zeukan. "Nik nire planteamenduari heldu nion Eibarren aurka egin genuen partidan, denboraldi osoan zelaira gutxien atera diren jokalariei jokatzeko aukera eman nien", dio Aitor Zulaika Hirugarren Mailako Lagun Onak futbol taldearen entrenatzaileak azken partidari buruz. "Zerbait jokoan edukiko bagenu ez nuen talde bera zelairatuko, baina jokoan ezer ez dugunean gutxien jokatu dutenei eman behar zaie aukera. Aurreko denboraldian berdin egin nuen eta beste batean ere berdin jokatuko nuke", dio. Lagun Onak futbol taldearen aldeko golak Nitxik eta Orbegozok sartu zituzten. Partida irabazteko aukera izan zuten, baina "estrategiako" golekin Eibar atera zen garaile. "Hasieran Eibarko jokalariak oso urduri atera ziren futbol zelaira, baina hiru gol sartu zituzten, bat falta baten ondoren eta beste bi kornerren ostean. Hala ere, guk hobeto jokatu genuen", kontatzen du Zulaikak.

Denboraldi ona

Denboraldi ona egin dutela dio Zulaikak, eta "oso ona" egiteko gutxi falta izan zaiela. Hasi zutenean jarritako helburua bete dutelakoan dago, "denboraldia 15 jokalari berrirekin hasi genuen. Oso hasiera ona ez genuen izan, baina pixkanaka goraka egin dugu. 10-20 postuen artean, 11. gelditu gara sailkapenean. Guk jarritako helburu bakarra jaitsieratik salbatzea zen eta hori lortu dugu, gainera postu on batean bukatu dugu".

".11. postutik aurrerago egiteko moduko taldea dugu, talde ona da. Datorren denboraldiari begira helburu anbiziosoagoa jartzeko eskatuko nioke klubari", dio. Aurten Hirugarren Mailan "maila txikiagoa" aurkitu duela dio futbol entrenatzaile azpeitiarrak, "talde guztiekiko errespetu osoarekin hitz eginda, iaz Lemoa eta Sestao taldeak beheragoko mailara jaitsi ziren eta Berio eta Villarreal taldeek jokatu dute aurten Hirugarren Mailan. Nik iaz baino maila kaskarragoa aurkitu dut aurten".

Orain, Hirugarren Mailako Lagun Onak futbol taldeko jokalari eta entrenatzaile taldeak egun batzuetako atsedena hartuko du, datorrenengorako prestatzen hasi aurretik.