Sanjuandegin kart lasterketa egingo dute larunbat honetan

Urola Kostako Hitza 2005ko mai. 25a, 18:05

Azken bost urteetan ez da Sanjuandegiko kart lasterketarik antolatu (www.urola-kostakohitza.info)

Larunbatean Sanjuandegiko V. Karting lasterketa izango da, 15:00etatik aurrera. Sanjuandegiko jaien atariko ekitaldia da lasterketa, hurrengo asteburuan ospatuko direlako bertan jaiak.

Azken bost urteetan ez da Sanjuandegin kart lasterketarik egin, baina aurten ekimenari berriro heldu eta antolatzea erabaki dute. Azpeiti Motor Kluba elkarte sortu berriak antolatu du Azpeitiko Udalaren laguntzarekin. "Lehen Sanjuandegin kart lasterketa zaletu batzuk antolatuta egiten genuen, baina gero utzi egin genion antolatzeari. Aurten, berriz, Azpeiti Motor Kluba sortu dugu kart-etan eta motorretan gabiltzan batzuk elkartuta. Lasterketak antolatzeko, askotan jende gehiagoren beharra genuen, eta motorretan dabiltzanak ezagutzen genituenez, denok bat egin eta Kluba sortzea erabaki dugu", dio Gurutze Eizagirre Azpeiti Motor Klubeko kideak.

Aurtengo kart denboraldiko hirugarren lasterketa eta herri barruan egiten den aurrena da Sanjuandegikoa. "Aurten, Azpeitian bi lasterketa antolatuko ditugu: larunbatekoa eta Santiotan herri barruan egiten duguna", dio Eizagirrek. Euskal Herriko txapelketarako puntuagarriak dira biak.

Autoentzat itxita

Kart lasterketako zirkuitoa Euskal Herria kaletik (Eroski aurreko kalea), Barrenetxea auzora, Salbetik, Igerileku aurrera eta handik Euskal Herria kalera bitartekoa da. Beraz, larunbatean, 13:00etatik lasterketa bukatu bitartean autoentzako kale horiek denak itxita egongo dira. Bestetik, ibilbide barruko aparkalekuetan ere ezingo dira autoak aparkatuta eduki.