Jose Luis Zubizarreta: "EBA ligarako igoera gauzatzen ahalegindu behar dugu"

Urola Kostako Hitza 2005ko mai. 24a, 17:05

EBA Ligara igotzeko Iraurgi Saskibaloi Taldeak dirua behar du, eta hori lortzeko urratsak egiten hasi da zuzendaritza (www.urola-kostakohitza.info)

"Ez bagara igotzen behe-beherainoko mailara joango gara", dio Zubizarretak elkarrizketan

Lan Mobel Iraurgi Saskibaloi Taldeak EBA Ligara igotzeko aukera lortu du ostiralean Ardoiri irabazi ondoren. Orain, horrek ekonomikoki eta kirol talde aldetik suposatzen duena aztertzen ari da taldeko zuzendaritza. Ekainaren 30a arte dute igo ala ez erabakitzeko epea. Horren inguruan aritu da Hitza Jose Luis Zubizarreta Xubi Iraurgi Saskibaloi Taldeko presidentearekin.

Kirol aldetik EBA Ligara igotzeko aukera badu Lan Mobel Iraurgi Saskibaloi Taldeak. Igoko al da?

EBA Ligara igotzen saiatu behar dugu, hori garbi daukagu. Azkenean, ziklo bat da. Orain dela urte batzuk ere heldu ginen, eta gauza batzugatik edo bestegatik ez ginen igo. Orain ziklo hura ez da errepikatuko, ez da dena haizea hartzera joango. Garbi daukagu, kirol aldetik igotzea lortu dugunez, benetan igoera hau gauzatzen ahalegindu behar dugula. Eta, garbi daukagu baita ere, ez bagara igotzen behe-beherainoko mailara joango garela; Probintzia mailaraino, alegia. Ez diogu zentzurik ikusten bestela. Azkenean gu egoera batean gaude: bost jokalari eta entrenatzailea kanpokoak ditugu eta azkenengo sei urtean bigarrengo talderik ez dugu eduki, jubenilik gabe egon gara. Lehen taldean kanpoko jende horrek bete digu hutsunea. Behetik jende asko dator ona, kadeteetan hamabost lagun ditugu selekzio desberdinetan jokatzen, horiek ere noizbait emango dute maila goian.

Jendartean ere oihartzun dezentea lortu dugu, bai Azkoitian eta baita Azpeitian ere. Ostiraleko kiroldegiko betekada oso adierazgarria da; 900 lagun joan ziren. Eta horri aurre egin behar diogu, saiatu egin behar dugu.

Zein baldintza behar ditu Iraurgik igoera hori gauzatzeko?

Dirua behar du. Gaur egun Lan Mobel Iraurgi taldeak 21.000 euroko aurrekontua du. Maila bat gorago 120.000 euroko aurrekontua izango luke. Bidaia luzeak (Galiziara sei bidaia), ostatua... Jokalariei ostiralean irten eta igandera arteko bidaia egitea eskatu behar zaie eta horrek ere nolabaiteko konpentsazioa eskatzen du. Guk diru hori lortzen saiatu behar dugu eta horretan gabiltza.

Eta dirua nondik lortzeko asmoa duzue?

Gu Azkoitiko eta Azpeitiko udalekin ari gara lanean, bi herrietako taldea gara eta bi udal horiekin hitz egiten hasi gara. Babesleekin ere ari gara hizketan eta baita laguntzaile izan daitezkeen beste batzuekin ere. Kirolgirekin ere hitz egiteko asmoa dugu, Kirolgik diruz laguntzen duen maila batean jarriko baikinateke. Hor gabiltza horri irtenbidea bilatu nahian. Hitz egin behar...

Eta jokalari aldetik, zer?

Taldea osatu egin beharko litzateke EBA Ligan jokatzeko. Esaterako, Donostiako Atletico San Sebastianek aurten Galiziako bi jokalari eduki ditu. Entrenatzailearekin hitz egin beharko genuke, zer-nolako taldea ikusten duen, nola osatu... Herriko jokalari batzuen kontuei irtenbidea topatzen ere saiatu beharko dugu, erreleboka lan egiten baitute. Kontu horiek ere konpontzen saiatu beharko dugu tailerrekin-eta hitz eginda. Zaragozan irabazi genuenean kontuak mugitzen hasi ginen, eta ekainaren 30a arte daukagu igoerari baietza edo ezetza emateko epea.