Iraurgi Saskibaloi taldeak igoera lortu du

Uztarria.com 2005ko mai. 23a, 12:05

Lan Mobel Iraurgik irabazi egin du eta mailaz igo da

Azpeitiko kiroldegira jendetza joan zen Iraurgik jokatu zuen partida ikustera

Azkenean Lan Mobel Iraurgi saskibaloi taldeak mailaz igotzeko behar zuen garaipena lortu zuen ostiral iluntzean. Hala ere, larunbatera arte egon behar izan zuten igoera lortu ote zuten jakiteko, izan ere asteburuan jokatutako beste partida batzuen baitan zegoen Iraurgiren igoera. Nahikoa zen asteburuan jokatutako lau partidetako emaitza bat euren aldekoa izatea mailaz igotzeko, eta horrela izan da.

Iraurgi eta Ardoiren arteko partida ikusgarria izan ez arren, Iraurgikoak markagailuan aurretik ibili ziren partida osoan. Lehen zatia bukatu zenean 18-7 zihoazen markagailuan. Atsedenaldira iritsi zirenean 35-27, eta hirugarren zatiaren bukaeran berriz, 53-38. Partida ez zen oso ona izan, eta bi taldeek falta asko egin zituzten, baina azkenean Iraurgi saskibaloi taldekoek lortu zuten garaipena, eta garaipen horrekin ia esku artean zuten EBA ligarako igoera. Liga hori, saskibaloian dagoen maila altuenetakoa da, bere aurretik ACB, LEB 1 eta LEB 2 mailak baitaude.

Partida ikustera sekulako jendetza joan zen ostiralean Azpeitiko kiroldegira. Ia eserleku guztiak beteta zeuden eta ikusleek majo gozatu zuten azpeitiarren garaipenarekin.

Igo ala ez erabakitzeke

Baina naiz eta igoera lortu, Iraurgikoek datorren denboraldia EBAn jokatu ala ez erabaki gabe dute oraindik. Maila bat gorago jokatzeak diru gehiago suposatuko du, partida batzuk jokatzera Espainiara joan beharko dutelako, eta kostuei aurre egiteko babesleak lortu beharko dituzte. Horrez gain, jokalarien egoerak ere zeresana du. Euren lana dela eta, zenbait kasutan ezingo baitute partidak jokatzera kanpora joan. Beraz, Iraurgiren etorkizuna oraindik airean dago.

Fitxa

Lan mobel 64

Ardoi 56

Lan Mobel Iraurgi. Osa (10); Hita (3); Etxeberria (20); Arozena (9); Hernando (8); Arozena (2); Lizarriturri (4); Ibarzabal (6); Astigarraga; Iparragirre (2).

Ardoi. Hernando (13); Domeno (3); Baigorri (13);Ianices (2); Davila (16); Uriz (1); Ardoiz (6); Ventoso; Iribarri(2).