EBA Ligara igotzeko beste urrats bat

Urola Kostako Hitza 2005ko mai. 17a, 12:05

Larunbatean Utebori 70-72 irabazi zion Lan Mobel Iraurgik, Aragoin

Igoera faseko azkenaurreko partida etxean jokatuko du Lan Mobel Iraurgik Ardoiren aurka, ostiralean 20:30ean (www.urola-kostakohitza.info)

"Agonia izan zen larunbatean Aragoin Uteboren aurka jokatu genuen partida", dio Lolo Encinas Lan Mobel Iraurgi Saskibaloi Taldeko entrenatzaileak. EBA Ligara igotzeko aurrerapauso bat emateko irabazi beharra zeukan Iraurgik.

Partida ona egin zuten, baina urduritasunak eragin zuen Lan Mobel Iraurgiko jokalariengan. "Partida osoan irabazten joan ginen, 14ko aldearekin lehen zatian eta atsedenera bederatzi puntuko aldearekin heldu ginen, 28-37. Gero, jokalariak urduri ibili ziren, eta azken zatian erasoan hutsak egin genituen; lau hiruko sartu zizkigun Utebok", kontatzen du Encinasek. Jaurtiketa libreei esker irabazi zuten.

Gertu du EBA ligarako igoera Lan Mobel Iraurgi saskibaloi taldeak. Larunbatean pauso bat aurrera eman zuen, baina datorren partidan ezin du hutsik egin Ardoiren aurka. Igo ahal izateko ezinbestean irabazi beharra dauka. "Aste honetan entrenamenduetan urduritasuna nabarmenduko da taldeko jokalariengan, baina ea hurrengo partidara ondo heltzen garen, lasai. Etxean dugun partida hori irabazi eta gure aldekoa izango den emaitza egin behar dugu. Igotzeko hori egin beharra daukagu", dio entrenatzaileak.

Ostiralean norgehiagoka

EBA Ligarako igoera faseko azkenaurreko partida etxean jokatuko du Lan Mobel Iraurgik Ardoiren aurka, ostiralean 20:30ean, Kiroldegian.