Marijo Segurola: "Familiari Joseba bisitatzea ukatu izana, anaia bera eta ingurukoak zigortzeko da"

Urola Kostako Hitza 2005ko mai. 13a, 16:05

Atxilotu zutenetik ia haren berririk ez du familiak

Frantzian dago preso, Villefrancheko kartzelan

Joseba Segurola Xegu azpeitiarra martxoaren 23an atxilotu zuen Frantziako Poliziak Lannemezanen (Frantzia), ustez ETAko kidea dela egotzita. Atxilotu zutenetik ia haren berririk ez du familiak. Segurola gaur egun Frantzian dago preso, Villefrancheko kartzelan .

Hilabete zaudete Josebaren ia berririk izan gabe.

Josebaren inguruan, zuzenean, daukagun informazio bakarra berak idatzitako gutun bat da, apirilaren 6an idatzitakoa eta ia hilabetera jaso duguna. Horrez gainera, abokatua harekin egon eta gero guri kontatu diguna da, besterik ez.

Eta zer dakizue Josebaren egoeraz?

Atxilotu eta inkomunikatuta eduki zuten bitartean jo egin zutela dakigu, abokatuak begi bat ubelduta zeukala esan zigulako. Gero, La Santeko (Frantzia) espetxean sartu zuten, bakartuta eduki zuten eta han zeuden beste euskal preso politikoek egoera hori salatzeko plantoak-eta egin zituzten. Orduan, zigor moduan Joseba Villefrancheko kartzelara eraman zuten eta orain han dago. Espetxe horretan inoiz ez da euskal preso politikorik egon, bakarrik dago. Bakartze hori salatzeko garbitasun greba egin zuen eta, ondorioz, komite diziplinarra egin zioten. Mitard-era sartzeko arriskuan egon zen orduan, baina dakiguna da mitard-ean ez zutela sartu. Bakartuz eta dispertsioarekin zigortu egin nahi izan dute, eta 24 ordutan bakar-bakarrik dago. Gosaldu, bazkaldu eta afaldu ziegan egiten du, eta bi ordutan patiora irteten du. Han ere bakarrik egoten da, eta preso sozialak ere ez ditu ikusten.

Bisitara joateko aukerarik ere ez duzue izan. Nolatan?

Atxilotu zutenean epaileari bisita egiteko baimena eskatu genion. Bost aste pasatuta jaso genuen epailearen erantzuna: ez zigun bisitarik onartu. Hau ez da ohikoa, normalean zuzeneko familiari, guraso eta anaia-arrebei, baimena ematen dietelako. Baina, epaileak uko egiteko jarri zigun arrazoi nagusia, Joseba ez identifikatu izana izan zen. Baina, ondo identifikatuta dute bestela ere: atxilotu zuten egunean bertan esan zuten haren izena, hatz markak-eta hartzen dizkiote gero. Beraz, garbi dago epaileak jarritako beste zigor bat dela. Zigorra presoarentzat eta baita haren ingurukoentzat ere, familia, lagunak...

Eta gertukoek nola bizi duzue egoera hau?

Animo aldetik gorabehera asko izaten da hilabetean, eta tentsioa da nagusi. Espetxean harekin batera beste euskal preso politikoren bat badago babesa da familiarentzat, baina ez da gure kasua. Bestela, herriko beste presoen senideek, anaiaren lagunek, ematen duten animoa eta babesa eskertzekoa da. Baina, beste alde batetik, eskubide urraketa horien guztien aurrean, Habea kenduta, herriko beste udal ordezkariek duten jarrera salatu nahi dut. Joseba herritar bat da, baina ez dira arduratu haren egoeraz, dei bakar bat ez dute egin nola dagoen jakiteko ere. Inolako babesik ez dago haien aldetik eta horrek asko mintzen du. Gainera, Josebaren egoera ez da isolatua, horrela jokatzen dute herriko beste preso politikoekin ere.