Eskolarteko bertso txapelketako kanporaketa da bihar

Urola Kostako Hitza 2005ko mai. 12a, 17:05

Urola bailarako kanporaketa Azpeitian jokatuko da, 15:00etatik aurrera, Ikasberri Azpeitiko Ikastolan (www.urola-kostakohitza.info)

Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren barruan Urola bailarari dagokion kanporaketa jokatuko da bihar, Ikasberri Azpeitiko Ikastolan. "Urtero bezala, Bertsolaritza Irakaskuntzan izeneko plangintzaren barruan eta neska-mutilen ahaleginak plazaratzeko asmoz antolatu du Ikastolen Elkarteak Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz antolatu du", diote antolatzaileek.

Aurrena, bertsopaperetako ariketa egin behar dute, 15:00etatik 16:00etara. Arlo honetan, adinaren arabera, lau mailatan bereizita ariko dira: LHko bigarren zikloa (8-10 urtekoak), LHko 3. zikloa (10-12 urtekoak), DBHko lehen zikloa (12-14 urtekoak) eta DBH 2. zikloa eta DBHO (14-18 urtekoak).

Bertsopaperean egin beharreko jarduna bukatu ondoren bat-bateko saioen txanda izango da. 16:00etatik aurrera egingo dute Ikasberri Azpeitiko Ikastolako soinketa aretoan. "Batetik, 14 urte arteko neska-mutilak taldeka plazaratuko dira. Helduagoak, berriz, 15 urtetik 18ra bitartekoak alegia, ohiko moduan neurtuko dira", diote antolatzaileek. Aurkezle eta gaijartzaile lanetan Leire Ostolaza bertsolariak jardungo du.

Bat-bateko saioa entzutera joan nahi duten guztientzat ateak zabalik egongo dira, eta sarrera doan da.

.25. urteurrena

.1981ean eman zitzaion hasiera Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketari, Donostiako Karmelo Balda pilotalekuan. Geroztik, urtero jokatu da. Beraz, aurten 25. urteurreneko ekitaldia du lehiaketak. Bailaretako lau kanporaketa jokatu ostean, finala ekainaren 2an izango da, Donostiako Kursaalen.