Joseba Segurola isolatuta daukate Villefrancheko kartzelan

Uztarria 2005ko mai. 7a, 21:05
  • Atxilotu zutenetik (martxoaren 23tik) ez du bisitarik jaso, epailearen debekuagatik
  • Askatasunak gogor salatu du preso politikoaren egoera

Joseba Segurola Xegu azpeitiar presoa "guztiz isolatuta" dute Frantziako Villefranche-Sur-Saoneko kartzelan, Askatasunak jakinarazi duenez. Xegu martxoaren 23an atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Lannemezan herrian, ustez ETAko kidea delakoan, eta harrezkero ez du bisitarik izan, Laurence Le Vert epailearen debekua dela-eta.

Atxiloketaren unean eta inkomunikazio garaian kolpeak jaso zituela salatu zuen azpeitiarrak. Epaileak bisitarik ez baimentzeko argudiatu duenez, Segurolak ez zuen polizien aurrean identifikatu nahi izan. Askatasunak gogor salatu du preso politikoaren egoera.

Xeguz gain, beste sei preso azpeitiar daude: Juan Karlos Azpitarte Paterra, Joxin Arruti, Xabier Etxeberria Txapi, Jabi Agirre, Gotzon Aranburu eta Maider Egiguren. Garikoitz Etxeberria Kafe, berriz, Haika auziko epaiaren zain dago, kalean (martxo hasieratik).