Irurenak Otaduy marka erabiliko du, eta Gipuzkoan sektorean indartsuenetakoa bihurtu da

Urola Kostako Hitza 2005ko mai. 5a, 17:05

Donostian zegoen Colas Otaduy enpresa martxoaren 6an erre egin zen (urola-kostakohitza.info)

Barniz eta disolbatzaile produktoreen arloko enpresa da Irurena

Irurena Industria Kimikoak SA enpresak orain dela bi hilabete erre zen Colas Otaduy enpresarekin akordioa sinatu du eta, ondorioz, "epe batean Otaduy marka" erabiliko du. Patentea erosi diola ukatu egin du Irurenak, "hori ez da egia", baina marka erabiltzeko akordioa lortu dutela baieztatu du. Azpeitiko enpresatik ez diote gehiagorik esan nahi izan Hitza-ri, "gehiago ezin dugu ezer esan, konfidentziala delako". Akordio honek, Irurena Gipuzkoa mailan margo, barniz eta disolbatzaile produktoreen arloan enpresa indartsuenetakoa bihurtzen du.

Colas Otaduy enpresa orain dela bi hilabete erre zen sutan, martxoaren 6an, eta hondamendia handia izan zen enpresan. Igandea zen, eta arratsaldeko 15:00etan hasi zen sutea Donostiako Martutene auzoko 27. poligonoan zegoen 5.000 metro koadroko pabilioian. Kolak eta barnizak ekoizten zituen Otaduyk, eta 50 langile inguruk jarduten zuen han lanean. Enpresa ezaguna zen Donostian, eta 90eko hamarkadaren hasieratik zegoen lantegi hori Martutenen.

Irurena Industria Kimikoak SA enpresa 1969tik ari da lanean Azpeitian -Azpeititik Errezilerako bidean dago lantegia-. Besteak beste, barnizak, pinturak, disolbatzaileak eta lakak produzitzen ditu, eta 60 langilek jarduten dute bertan lanean. Bere merkatua Espainia, Portugal eta Mexikora zabalduta du.