Xabier Euzkitze bertsotan aritu zen Xiru festibalean

uztarria 2005ko api. 26a, 18:04

Jaialdiak pilota zuen gaia; dantza, musika eta bertsoak lagun

Zuberoan egin zen festibala; Euzkitze eta Xabier Amurizak behenafarreraz kantatu zituzten bertsoak

Xabier Euzkitzek plazak utzi bazituen ere ez du galdu bertsotarako gaitasunik. Behin baino gehiagotan aitortu izan du, etxean aritzen dela kantuan. Azkenaldian jaialdi berezietan parte hartu izan du; azkena, Xiru festibalean, Zuberoan.

Berria egunkariak egin zuen festibalari buruzko erreportajea. Han biltzen dira bi bertsolariek botatako bertsoak. Jarraian www.berria.info web gunetik jasota, erreportajea:

"Pilotar(h)itzan

Mixel Iturria, Miamin jokalari profesional izana, eta Mizel Theret izan ziren dantza urratsez esku-huskako pilotarien orotariko jauzi eta keinuak imitatu zituztenak. Koreografia originalak eta ederrak eskaini zituzten, instrumentuekin kalakan aritu zirenekoan konparazione. Pilota klaska ezberdinekin batean aritu ziren musikariak; Pierre Thibaudek perkusioa jo zuen, Jean Christian Irigoienek eskusoinua eta Mixel Etxekoparrek airezko hainbat instrumentu.

Antzerkiaren lehen partean, pilotaren eta pilota jolasaren deskubrimendua irudikatu zuten antzezleek. Pilotak baratxe-baratxe kurriarazi zituzten lurrean barrena. Eta antzezleek dantza eta mugimendu zenbait egin zituzten, pilotekin jostatuz bezala. Horren ondotik heldu zen lehen bertso-aldia:

Xabier Amuriza

Lurraren pean egon laiteke
harrietan estalia
biribila da larru xuria
sor berri den izaria.
Beldurrez edo dudan bezala
hor ari zen pilotaria
emaiok odolaren beroa
ta buruaren argia
ikusiko duk mirakulua
hire eskutik jalgia.

Xabier Euzkitze

Haurra pilotak xoratu zaitu
ikusi eta behala
baina ez duzu untsa ezagutzen
barnean duen ahala
punpa handia eginen dautzu,
agian punpa apala
edo lurrean ihesi joanen
suge bat balitz bezala
jaurti ezazu zerurat eta
berak ereman zaitzala.

Xabier Amuriza

Biribila da baina hunkituz
gero emaiten du gogor
orain geldi da baina badauka
kurritzeko mila alor
hoi hi pilota orain artean
ez hau ezaguna nehor
pilotarien aintzina orain
sortu berria hi hiz hor
eta aintzina hi izanen hiz
Jainkoa bezain hilezkor.

Xabier Euzkitze

Pilota horrek harritu zaitu
bere punpa xoragarriz
eta zu geldi geldirik zaude
bi begiak hor ezarriz.
Forma biribil-biribila da
biziki ttipia neurriz
harrazu eta jaurti paretak
itzuliko dautzu berriz
eta aitatxik leiho hegitik
so eginen dautzu irriz.

Xiru festibala Zuberoan eginagatik, baxenabartar eta lapurtarrik ere bazen publikoan. Horren karietara, hartzaileen euskalkiei hurbiltzeko eginahala egin zuten bertsolariek. Eta nola! Behe nafarreraz ontsa asko moldatzen direla erakusteaz gain, Euzkitzek hatxeak ere ahoskatu egin zituen. Jakina da Euzkitzek bertso plaza utzia duela. Aldiz, Gotaine-Irabarnen frogatu bezala, bertsolari izaten jarraitzen du. Bestalde, pilotari buruz duen ezagutza zale geratu zen agerian bere bertsoen erregistroaren karietara.

Xabier Euzkitze

Ezker paret trinkete,
banazka binazka
gure jokoak denak
xoratuak gauzka.
Entzuten dugularik
pilotaren klaska
ez dea hori gure
odolaren bazka?

Xabier Amuriza

Hoi pilota biribil
gure amodio
Euskal Herriko begi
denen bozkario
sorberritan hiltzeak
ez baitu balio
segi behar duk punpaz
puskatu artio!

Xabier Euzkitze

Ainitz jende bildua
da herriko plazan
bi begiak hor bertan
uzteko ere gisan
beraz zure esperoan
zure esperantzan
zangoak aireratu
ta has zite dantzan!

Bi dantzari-pilotariek partida bat irudikatu zuten jarraian. Egiazko partida batean bezala, dejadak, huts eginak, erorikoak, boleak, bi paretakoak... ikusi genituen. Ikusi, eta entzun ere bai; musikariek pilotarien keinu eta erritmoaren araberako soinuak egiten baitzituzten. Partida finitu zelarik, dantzari-pilotarietarik bat bertsolarien ondoko kadiran jarri zen, xistera pare bat ondoan zuela:

Xabier Amuriza

Baldin ez bahiz arras
mozkortu erotua haiz hi noski!
Beste tresna bat ateratzeko,
eskua ez duka aski?
Xixtera untsa moldatzen baduk
ez haiz ibiliko gaizki
dirua ere aterako duk
artzaintzan bezain errexki.

Xabier Euzkitze

Pilotan hurbil izaiten dira
bozkario eta penak
baina mutiko ni harritu nau
zure oraiko eromenak.
Partida galdu baduzu ere,
zure alde dituzu denak
esku zartarik ez du bilduko
irriskatzen ez duenak.

Xabier Amuriza

Berotu baita mutila dago
irriskatu beharrian
hor ibili da dantza ta jauzi
luze eta laburrian.
Bere pilota Jeinkoa baitu
zelian eta lurrian
pilota bana deramagu-ta
bihotzaren hezurrian.

Xabier Euzkitze

Gaur arratsean jokaldirikan
ez zaizu ontsa atera
menturaz zure esku bigunek
sofritu dute sobera
eta eskuak sofritzen badu
bihotza ere triste da...
Eskuz ez duzu balio eta
otoi harrazu xistera.

Berriz ekin zioten partida bati pilotariek. Oraingoan, ordea, zesta-puntan aritu ziren. Eta behin berriz ere gozatu genituen dantza teknikan oinarritu pilotari jauzi eta imintzioak. Bozgorailuetarik, esku-huskako partida gabe, zesta-puntako partida bati zegokion musika eta giroa suma zitekeen. Pilotaren klaska musika ote da? Gotaine-Irabarnen hala zirudien.

Musikariek gaueko harrabotsak imitatzen hastearekin batera, pilota batek goiti eta goiti egin zuen, ilargi bilakatu arte. Dantzari-pilotaria lurrean zetzan lo. Bertsolariek ere bat egin zuten gaueko giroarekin eta apal-apal kantatu zituzten bertsoak; hain apal, ezen grabagailuak ez zituen erregistratu. Horren ondotik arribatu zen agurraren tenorea.

Xabier Euzkitze

Bi manex ginen barneratuak
xiberutarren etxeanbi
mutil dira kantuz artuak
neskenegün arratsean.
Xiberotarrak eta manexak
denak euskaldun funtsean
eskerrik hanitx nahi dut erran
zuek denak agurtzean
hemendik aitzin zuen puska bat
bada ene bihotzean.

Baina besta ez zen horretan urrendu. Une horretantxe, nehork gutik ezagutzen zuen sasi-bertsolari bat ilki baitzen jende artetik. Nafarra zela eta Zuberoako lurrera heldu zela erranez bururatu zuen lehen bertsoa. Amurizak eta Euzkitzek nafarraren erronkari eutsi zioten:

Xabier Amuriza

Zuberoako lurrean bada
hemen hanitx nobedade
lehen ezin zuen ixilik egon
hala egin balu hobe
baina halare honek behar du
dohain handi baten jabe;
guk bezain ontsa kantatzen baitu
deuse entseatu gabe!

Xabier Euzkitze

Hau Nafarroan sortua dugu
edo berak hala dio...
Eta euskarari ere badio
horrenbeste amodio.
Baina saioak, luzerik bada,
ez du hainbeste balio
laguntzagatik eskerrik hanitx
ta zuei dener adio!

Pilotar(h)itza ikuskizunaren agurra beste zerbaiten hasiera bihurtzeko zorian zelarik, Mixel Etxekopar musikari eta antolatzaileak kantatu zuen azken bertsoa.

Mixel Etxekopar

Xiru huntara hürbiltzen dena
ez da segürra ez luan
beti zerbaite ateratzen da
on ala gaitza albuan
Bena hiruer aholkü nahi tiet,
oraitxe beitüt goguan:
Zien afera xuritüko da
ostatiaren xokuan!"