Imanol Lazkano: "Gu onak gara besteak salatzen baina entzutea tokatzen zaigunean..."

uztarria 2005ko api. 17a, 18:04

Larunbateko Berria egunkarian egin zioten elkarrizketa Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakari ohiari

Agian bertsogintzari utziko dio: "Beharbada luze gabe hartuko dudan erabakia izango da"

Imanol Lazkanok Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakari izateari utzi zionetik bi hilabete inguru pasatu dira. Garai hartan sortutako sentimenduen mozkorraldia utzita, gainbegiratua eman dio egindako guztiari, Berria egunkariak egindako elkarrizketan.

Elkarteak egin duen aurrerapena goraipatzen du, "Hainbeste joan da guk uste ez genuen lekuraino Elkartea!", eta zerbait goraipatzekotan hauxe: "Ez dago gauza bakarra aipatzerik baina Dokumentazio Zentroak garrantzi izugarria du".

Xabier Euzkitze eta Jon Sarasua "aparte gobernatu beharreko astoak" zirela dio, eta bertsolaritzak galera izugarria izan zuela bi horiek uztea erabaki zutenean. "Beste denek barka diezadatela, baina aparte gobernatu beharreko astoak ziren EgaƱa, Euzkitze eta Sarasua. Nik pena izugarri hartu nuen utzi zutenean".

"Artista zelako, nik uste artista askoren problema dela hori. Oso tipo berezia zen. Mutil xahar izate horrekin eta, gizon akonplejatu batean bihurtu zen; bakarrik negar asko egin zuen. Ez zen ohartu herriak zenbat maite zuen", dio Lazkao Txikiz. Izan ere Lazkanok idatzitako Aho bizarrik gabe liburuan dio Lazkao Txikik ez zuela bere burua ezagutzen, eta elkarrizketatzaileak zergatiaz galdetu zion.

Elkarrizketaren beste tarte batean, berriz, galdera hauxe egiten dio: Lanean jubilatu zinen eta Bertsozale Elkarteko lehendakaritzan ere erretreta hartua duzu. Bertsogintzatik erretiratzeko asmorik ba al duzu? eta erantzuna: "Oraindik ez dut erabaki, baina beharbada luze gabe hartuko dudan erabakia izango da".

Horiek eta beste hamaika kontu interesgarri ditu elkarrizketak. Osorik irakurri nahi bada, egin klik hemen: www.berria.info