Igandean EHNArekin eman botoa!

Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako BAI EUSKAL HERRIARI 2005ko api. 14a, 13:04
Otsailaren 20an herritar bat EHNArekin bozkatzen. (BAI EUSKAL HERRIARI)

Egun gure naziotasuna ukatu egiten zaigu eta espainiar naziotasun arrotza inposatzen zaigu. Halere, aspaldidanik badugu euskal herritarrok gure naziotasuna eta gure nortasuna munduaren aurrean agertzeko tresna. Euskal Herriko lehen instituzio nazionalak, UDALBILTZAk, eskainiriko tresna da EHNA (Euskal Herriko Naziotasun Aitormena). Hori honela izanik EHNArekin BOZKATZEKO DEIA LUZATZEN DUGU.

Euskal Herria zatikaturik

Tamalez, 2005. urtera iritsi garen honetan, Euskal Herrian atzerritik inposaturiko zatiketa administratiboak indarrean dirau. Horren adierazgarri da beste behin ere euskal herritarrok bizi garen lurraldearen arabera soilik bozkatu ahal izanen dugula apirilaren 17an.

BERAZ, ezin esan genezake hauteskunde hauetan euskaldunok gure etorkizuna erabakiko dugunik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurraldeetan bizi diren euskal herritarrek soilik izango baitute parte-hartzeko aukera.

Gure uste apalean, Euskal Herriaren etorkizunari buruzko erabakirik ezin daiteke hartu Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Garaia eta Zuberoako herritarrei galdegin gabe.

Euskal Herrian demokrazia eza, agerian

Hauteskunde hauetan alderdien proiektuez baino zenbait alderdi edo hautu politikoen parte-hartzean zentratzen ari da eztabaida politiko guztia.

BAI EUSKAL HERRIARI herri ekimenaren ustez, euskal jendartetik sortzen diren ekimen, alderdi edo hautu politiko guztiek izan behar dute aukera hauteskunde hauetan parte hartzeko. Herritarrak izan beharko ginateke hautu politiko bakoitzari babesa eman edo kentzeko ahalmena izan behar genukeen bakarrak.

Egungo egoera oso bestelakoa da, atzerriko gobernu batek inposatzen baitu Euskal Herrian nork parte har dezaken eta nork ez. Horregatik diogu euskal herritarron eskubide zibil eta politiko guztiak inoiz baino zapalduagoak aurkitzen direla.

Euskal herritar gisa EHNArekin bozkatu

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrok euskal naziotasunaren jabe gara. Egun gure naziotasuna ukatu egiten zaigu eta espainiar naziotasun arrotza inposatzen zaigu. Halere, aspaldidanik badugu euskal herritarrok gure naziotasuna eta gure nortasuna munduaren aurrean agertzeko tresna. Euskal Herriko lehen instituzio nazionalak, Udalbiltzak, eskainiriko tresna da EHNA (Euskal Herriko Naziotasun Aitormena). Hau honela izanik EHNArekin BOZKATZEKO DEIA lLUZATZEN DUGU.

Deia

Gaur arte Euskal Herri osoan eta ehundaka hautes-mahaietan, milaka euskal herritarrek normaltasunez, EHNArekin bozkatu ahal izan dute. Horregatik, dei egiten diegu hautes-mahaietan egon behar duten herritarrei, beren bizilagunek libreki EHNArekin bozkatzeko hautua egiten badute, berau errespetatzeko.

Euskal alderdi politikoei deia

Aurreko hauteskundeetan hainbat ordezkari politikoen eraginez, hainbat hautes-mahaietan zailtasunak izan ziren EHNArekin bozkatzeko.

Bere burua EHNArekin aurkezten duen euskal herritar oro, errespetatua izanen dela bermatzea eskatzen diegu alderdi politikoetako zuzendaritzei, abertzaleei bereziki.

AIPAMEN BEREZIA egin nahi diegu BALMASEDA, GÜEÑES, ZALLA eta GERNIKAKO EAJ-PNV alderdiko kideei eta bereziki Gernikako alkateari, azken hauteskundeetan beraiek izan baitziren euskal herritarrei espainiar agiriak eskatzen ihardun zuten Espainiaren inposaketaren ordezkariak.

Hauteskunde hauetan ere aipaturiko alderdiren bateko ordezkariren batek euskaldunoi espainiar nortasun agiriaz bozkatzera behartuko bagintu publikoki salatzeko konpromisoa berresten du BAI EUSKAL HERRIARI herri ekimenak.

UDALBILTZAK HERRITARREN ESKURA JARRIRIKO BITARTEKOAK ERABILTZEKO DEIA luzatzen diegu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrei. Hautes-mahai guztietan nazio instituzioaren SALAKETA ORRIAK izango dira eskura. Horrez gain, otsailaren 20ko erreferendumean indarrean jarririko SALAKETA TELEFONOA ere abian izanen du igande honetan, zenbakia 615 005 835 delarik.

Bozkatzerako garaian arazorik balego, SALAKETA ORRIA BETE eta UDALBILTZAren TELEFONORA DEITZEKO DEIA luzatzen diegu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrei.

Euskal Herrian 2005eko apirilaren 14an.

Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako BAI EUSKAL HERRIARI Herri Ekimena