Joseba Segurola presoa, higiene greban

Uztarria.eus 2005ko api. 13a, 14:04

Martxoaren 31n aldatu zuten La Santé espetxetik Villafranchera

Isolamendu ziegan dago eta atzo (asteartea) pasatzekoa zen diziplina batzordearen aurretik

Joseba Segurola Xegu apirilaren 23an atxilotu zuten Lannemezanen (Frantzia), ustez ETAko kidea delakoan, eta egun gutxira Parisen, La Santén espetxeratu zuten. Han astebete pasatu ondoren martxoaren 31n espetxez aldatu, eta Lyon inguruan dagoen Villafrancheko kartzelara eraman zuten (Azpeititik, kotxez, bederatzi ordura, eta trenean 12ra). Higiene greban da orain preso politiko azpeitiarra, haren arrebak uztarria.com-i adierazi dioenez.

"Kartzela horretara eraman zutenetik isolamendu ziega batean dago, eta neurri hori salatzeko hasi zuen higiene greba. Ez dakigu zehazki noiz, baina nik uste eraman zuten lehen egunean-edo hasiko zuela", dio Marijo Segurolak, Xegu-ren arrebak.

"Abokatuak esan digunez, atzo (asteartea) diziplina batzordearen aurretik pasatu behar zuen. Hark erabakiko du greba egiteagatik zigortu edo ez, eta zigortzen badute, zein izango den", dio Marijok. Senideek oraindik ez dute azpeitiar presoa ikusteko aukerarik izan, "normalean hilabete edo bost aste pasatu behar izaten dute bisita jaso aurretik, izan ere ordenak kartzelara iritsi behar izaten du. Hala ere, bisitak hasten direnean zailtasun asko izango ditugu astegunean eta astebukaeretan izango baititu eta astegunetan, lana dela medio, oso zaila da haraino joatea. Eta galdutako bisitak ez dira zapatu edo jairako gordetzen, galdu egiten dira", dio Marijo Segurolak.

Orain arte ez da euskal preso politikorik egon Xegu dagoen kartzelan, eta gaur egun ere, bera da dagoen bakarra.

Hona Segurola dagoen kartzelako helbidea:

-Maison d´arrêt

-Joseba Segurola Kerejeta- 14167

-Rue Lavoisier

-BP 482

-69665 villefranche-sur-saône

-RHONE (FRANCE)