Lurdes Agirrezabal: "Herritarren eskubide zibil eta politikoen alde sortu, eta geuri ukatu dizkigute"

Urola Kostako Hitza 2005ko api. 7a, 20:04

Lurdes Agirrezabal azkoitiarra Aukera Guztiak hautesle elkartearen hautagaia da, baina ezin izango du aurkeztu (Urola Kostako Hitza)

Lurdes Agirrezabal azkoitiarra da, baina azken urteetan Azpeitian bizi da. EAEko hauteskundeetara Aukera Guztiak herri ekimenaren hautes zerrendan aurkeztu da. 26 urte daramatza irakaskuntzan lanean, eta azken urteotan LAB sindikatuko ikastoletako arduraduna da. Aukera Guztiak ekimenarekin bat egin zuen, "gure herri honetan zer gertatzen den ikusita beti eduki dudalako gogoa zerbait egiteko".

Hautesleei zer eskaintzeko sortu zen Aukera Guztiak?

Oso argi adierazi genuen, gu ez ginela alderdi politiko bat eta programa politikorik ere ez genuela. Gure asmoa eta nahia oso garbia zen, hau da, herri honetan ez daude bermatuta herritarren eskubide zibil eta politikoak, beraz horren defentsa izango da gure helburua, baina hau kasualitatea: horren defentsan irten eta geuri ukatu. Oraindik eta arrazoi gehiago dauka gure helburuak.

Lau proposamen egin zenituzten.

Programarik ez genuen, baina bai lau proposamen: eskubide zibil eta politikoen aldeko jarrera; Giza eskubide guztien aldeko apustua; gure herriko gatazka konpontzeko ezinbestekoak dira elkarrizketa eta ne-goziazioa eta horren aldeko ekimenak bultzatuko ditugu; eta, azkenik, jendarte justu eta solidario baten aldeko apustua. Lauak sinpleak eta trinkoak.

.30.000 mila herritarren sinadurak bildu eta gero legez kanpo utzi zaituztete. Espero al zenuten erabakia?

Hasieran ez genuen horrelakorik espero, guk legeak agintzen zuen guztia betetzen genuelako, baina, denborak aurrera egin ahala, Fiskalaren eta Estatuko Abokatuen tesiak entzuten eta irakurtzen hasi ginen, eta aldi berean zenbait komunikabidetan agertzen zen informazioa ikusita, bukaeran ez zara harritzen, baina bai haserretu eta mindu. Une horretan zeure buruari galderak egiten hasten zara: herritarrek eskubideak eta betebeharrak dituzte eta guk betebehar denak ditugu, baina eskubide denak ez, eta eskubide hauek estatuak kendu dizkigu gainera. Zer da hau? Lehenaz gain, oraindik ere eskubideak gehiago murriztu! Hala ere, herritar askoren babesa jasotzeak ikaragarri poztu gaitu eta hori ere deskriba ezina da.

Aukera Guztiak legez kanpo utzi eta alderdi desberdinekin bildu zineten. Denekin bildu al zarete eta zer harrera jaso duzue?

Gertatu baino hiru egun lehenago prentsaurreko batean adierazi genuen ilegalizazioa gertatuko balitz, berehala Alderdien Legearen aurka agertu ziren alderdiekin bilera egingo genuela, eta era berean gure prentsa arduradunak bilera horren berri eman zien. Bilera horretara inongo arazorik gabe Aralar, Batasuna eta EHAK alderdiak agertu ziren. EA, EAJ eta IUk goiz hartan bertan adierazi ziguten bere ezina kanpainaren agenda aitzaki hartuta, baina ez zutela arazorik beste ordu edo egun batean biltzeko. Egoeraren larritasuna ikusita bilerarekin aurrera egitea erabaki genuen. Bilerara etorri ziren alderdiei eskerrak eman nahi dizkiet hemendik ere, eta zer esanik ez EHAK alderdiari gure proposamenekin bat egin eta bere programa politikoa alde batera utzi eta gure aldarriarekin bat egiteko prest dagoela adierazi duelako. Gure poza ez zen nolanahikoa izan.

Horren balorazioa norberak egin dezala, baina pentsa nola egongo den bakoitzaren barrua, zu ilegalizatuta eta beste batzuk une horretan zeinek bere kanpaina lehenetsi duela ikusita, zuri aukera hori kendu egin dizuteneanÉ

AG legez kanpo utzi dutenetik, besterik zer egin duzue?

Legez kanpo utzi gintuzten apirilaren 1ean, dakizuen bezala. Alderdiekin bilera egin, ondoren prentsaurrekoa eman eta Europara jotzea izan ziren gure lehen erabakiak. Guretzat garrantzitsua izan da gure proposamena aurrera eramateko aukerak oraindik ere badaudela ikustea, eta horri begira gaude, gero ikusiko da noraino ematen duen sortu den Aukera Guztiak herri ekimenak.

Eta hemendik aurrera zer egiteko asmoa duzue?

Orain, momentuz, beste batzuek gure proposamenak aurrera eramango dituzte. Horrek aurrera nola egiten duen ikustea, horra egungo kezka nagusia, eta gero gerokoak. Hausnarketa egin, zer egoera dagoen ikusi, hauteskundeetako emaitzak ere garrantzitsuak izango dira eta denborak esango digu aurrera nola egin.