Lurdes Agirrezabal: "Herritarrek lan gehiago egin dute partidu politiko batzuek baino"

uztarria 2005ko mar. 23a, 13:03
  • Gara egunkariak elkarrizketa egin dio Aukera Guztiakeko kideari
  • Komunikabide batzuek plataformarekiko izan duten jarrera gaitzetsi du

Lurdes Agirrezabal (Azpeitian bizi da) Aukera Guztiak plataformako kideak Gara egunkariak eginiko galderei erantzun die. Bertan AGek hartutako bideaz eta jasotako erantzunez hitz egin du.

Egoera honetara iristea ez zutela espero eta "eskubide guztiak berdin bermatu" daitezen lan egiten dutela dio Agirrezabalek.

Jasotako babesa goraipatzen du "30.000 sinaduratik gora" lortu dituztelako eta orain arteko atxikimenduak ere asko direlako. AG eskubide guztien zapalketaren aurka dagoela dio, eta ea zein den eurek egin duten "delitua" galdetzen du. Hortik abiatuta "sinadura guztiak banan-banan aztertzea, telefono deiak entzutea..." ez direla demokraziaren adierazle azpimarratu du.

Komunikabideak

Komunikabide batzuek plataforma makurrarazi egin nahi izan dutela esan du Agirrezabalek: "Komunikabide gehienek errespetuz tratatu gaituzte. Baina zenbaitzuk, lan zikina eta manipulatzailea eginez, makurrarazi egin gaituzte".

Jasan behar izan duten guztia ikusita, "herritarrek zenbait alderdi politikok baina lan gehiago" egin duten ustea dutela adierazi du, eta horrek "gogoetarako" balio behar duela.

Elkarrizketa espainolez dator Gara.net web gunean.