Sindikalgintzaren harra

Urola Kostako Hitza 2005ko mar. 21a, 16:03

Analisi politikoa eta sindikala egiten jarraituko duela dio Joxe Mari Aranbarrik; azaroan ELAren kongresuan utzi zuen sindikatuan izandako kargua (Urola Kostako Hitza)

Bizi erdia egin du Joxe Mari Aranbarrik ELA sindikatuko zuzendaritzan lanean; 1976tik. ELAren azken kongresuan, ordea, erretiroa hartu zuen, azaroan. Ez zen bat-bateko hautua izan kargua uztearena, sei urte lehenago hartutako erabakiaren ondorioa da. "Ardura sindikalak orduan utzi genituen, baina sei urte lehenagotik erabakita zegoen kargua uztea. Aldaketa bat eman behar genuela ikusi genuen, ardurak emakumeen eta gazteen esku utziz, eta orain hori gauzatu dugu", dio.

Azkoitian jaio eta haurra zenetik Azpeitian bizi den sindikalista honek 58 urte bete berri ditu. Erretiroa hartu du. Orain, aurrena sindikalgintzatik distantzia apur bat hartuko duela dio, baina militantziaren harrak ez dio lana erabat uzten utziko,ziur. "Uste dut, ildo politiko eta sindikalaren analisian hor jarraituko dudala, gustuko eta bizitzeko baliagarri dudalako. Militantzia eta konpromisoa ez dira desagertzen egun batetik bestera, hori ez dago ardura sindikalaren baitan; norberaren izaera eta sinesmenen arabera dago".

Azken urteetan Joxe Elorrieta idazkari nagusiaren ondoan jardun du lanean, baina aurretik diruzaina ere izan zen. Garai desberdinak bizi izan ditu, eta aldaketa politiko eta ekonomikoak ere bai, noski. Lizarra-Garazi garaian ere hortxe egon zen eta, bere ustez, egoera politikoa aldatzen hasteko inflexio puntua horixe izan zen. "Lizarra-Garazin ardatz bihurtu diren epe erdi-luzerako hiru elementu nagusi kokatu ziren: diagnostiko komuna egitea, gatazka konpontzeko metodoa elkarrizketa dela onartzea, eta hirugarrena erresoluzioa, herriari hitza emanez". Aranbarriren esanetan, ordutik politikoek egin dituzten planteamendu guztiak, proposamenak, denak hiru ardatz horietatik pasatzen dira. "Eta hiru ardatz horietan ez dabiltzanak Euskal Herriaren ukatzen dutenak dira", dio.

Hortik haratago, beste marko bat ere badago. "Inperialismoan oinarritzen dena da. Estatuak gogortu egin dira merkatuaren defentsarako eta horrek eragina izan du: herria subjektu politiko bezala desagerrarazi egin nahi da, eta langilegoa ere subjektu sozial bezala desagerrarazi egin nahi da", dio Aranbarrik. Bere ustez Lizarra-Garazi kontestu zabal horretan txertatu behar da, "kontestu zabalean historiaren motorra faktore bat delako eta hor dago herrien askatasuna. Herriaren emanzipazio bilatze nahi hori, zutabe garrantzitsua eta nagusia bihurtzen ari da historiaren motor bezala".

ELA sindikatuak ere, 1997. urtean «bere posizio politikoaz berrikuspena egin» zuen. Ondoren, Lizarra-Garazi etorri zen (1998an). "Orduan denon debate politikoa hor zentratu zen, eta horrek markatutako epea izan da guk bizi izan dugun azkenengoa. Guk, beti esan dugu Lizarra-Garazi indartu, prozesua berreskuratu behar zela". Berme juridikoak autodeterminazio eskubideren defentsatik pasatzen direla uste du Aranbarrik. "Autodeterminazioaren eskubideak herri guztiak parez pare kokatzen dituelako".

Eszenatoki berria

Une honetan ELAri beste balantze bat egiteko garaia heldu zaiola uste du, "herri honen gehiengoa puntu berri batera hurbildu da, autodeterminazioaren eskubidearen defentsan. Eta horrekiko estrategia bat markatu behar da, ondorio politiko hori lortzeko. Indar guztientzako balantze berri bat egiteko garaia heldu da, eszenatoki berri batean gaudelako. Orain da garaia herri honek nola izan behar duen definitzeko. Hor daude, Ibarretxeren proposamena eta ezker abertzalearen Anoetako adierazpena. Pieza guztiak mahai gainean daude fase berria irekitzeko".

Inperialismoaren eraginak ekonomian are nabarmenagoak direla uste du Aranbarrik: tartaren zatiketan, kapitalak eta enpresek eramaten dutena areagotu egin delako. "Une honetan sistema inperialista oso gogorra bizi dugu, zentzu askotan. Banaketa oso gaizki eginda dago, eta langilegoari erlatiboki, sortzen duen aberastasun horrekiko gero eta gutxiago ailegatzen zaio. Akumulazioa gero eta gehiago da, eta gogorragoa kapitalaren eta enpresarioen aldetik. Azken hamar urteetan emandakoa ikusi besterik ez dago: erlatiboki sortzen ditugun errekurtso horien arabera, gure soldatak gero eta murritzagoak dira".

Prekarietatea nabarmendu egin dela dio. "Gauzak muturreraino eramanda daude. Prekarietatea langilegoa ahultzen ari da. Eta sistemak hortik probetxua ateratzen du, batik bat datozen langile berriei aplikatuz, emakumeei eta gazteei", dio.