Euzkitze saio publiko batean bertsotan berriro

Uztarria 2005ko mar. 12a, 18:03
  • Igandean Astigarragan ariko da, Txootx ikuskizunean
  • Orain dela sei urte esan zien adio plazei

Txootx! ikuskizuna eskainiko dute igande honetan Astigarragan, eta han izango da, bertsolarien artean, Xabier Euzkitze, Anjel Mari Peñagarikanorekin batera. Ereintza taldeko txistulariek eta dantzariek, eta Aiztondo abesbatzak ere hartuko dute parte, Sagarrondotik jaialdiaren barruan. Dantza, musika eta bertso ikuskizuna izango da Oialume dantzalekuan, 12:00etatik aurrera.

Beraz, Euzkitze berriro saio publiko batean ariko da. Orain dela sei urte eta erdi inguru esan zien adio plazei azpeitiarrak; hain zuzen, Soraluzen, 1998ko abenduaren 11n, 32 urte besterik ez zituela. "Mila aldiz hausnartu” ostean hartu zuen erabaki hura Euzkitzek. Bertsotarako “gogoa galdu” zuen.

Ale hauxe izan zen haren azkena:

Bertsoak denetik du

gazi eta gozo

batzuetan gazitik

gehiegi akaso

kasik atzo goizean

esan nuen kaixo

agurrera iritsi

naiz pausorik pauso

adio bertsozale

maite zaitut oso.

Jendaurrean kantatzeko gogoa berriro daukanean, “inork esan gabe” itzuliko dela zioen orduan Euzkitzek.

Harrezkero, batik bat, musikari eta telebistari atxiki zaio hura, baina azkenaldian egin ditu bertso saio bakarren batzuk, baina ez modu publikoan. Bihar bai, Astigarragan.

Bertsotarako animatuta

“Geldi egonean ardoa ontzen da, baina bertsolaria nekez”, esan zuen lehengo asteazkenean Euzkitzek Txootx! ikuskizunaren aurkezpenean. Bertsolari izaten jarraitzen duela dio, eta bertsolariek egiten dituzten lanik gehienetarako “lehengo maila bertsuan” ikusten duela bere burua, nahiz eta ariketa zailetan hasiz gero “errima almazena urritua” izatearen ondorioak nabarituko lituzkeen, berak dioenez.

Igandeko ikuskizunaren aurrekari izan zen Getarian iazko udan Ameztoi txakolindegian Musika Hamabostaldiaren barnean eginikoa. “Getariako esperientziak pozik eta lasai utzi gintuen. Oso ongi girotua zegoen. Gauza atsegina, bizia, gustagarria, geldialdirik gabe aspertzeko unerik uzten ez zuen ikuskizuna eskaini genuela iruditzen zait”, esan du Euzkitzek. “Oraingoan ere konfiantza osoa daukagu dantzariekin, abesbatzarekin, oinarri ona daukagu, inprobisaziorako parada ere badago eta aurkezpenak gure kargu izango dira. Umorearekin ere txispa jartzen saiatuko gara”.

Aurrera begira segituko ote du jendaurreko bertso saioekin? Ikusi egin beharko. 2004ko urrian Berria-n egin zioten elkarrizketan esan zuen irrika hori falta zaiola: “Oholtza gainerako irrika ez zait itzuli, eta ez dut uste sekula itzuliko zaidanik”. Saioak eta saioak daude, ordea. Oraingoz behintzat, bihar Astigarragan du saioa. Uztailean, Alboka taldeko kideekin batera, AEBetara joango da, Rockspringsen egingo den AEBetako euskaldunen festa nagusian bertsotan aritzera.