Zazpi lagunen aurkako auzia Espainiako Auzitegi Nazionalean

Urola Kostako Hitza 2005ko mar. 2a, 17:03

Oihane Errazkinen heriotza salatzeko manifestazioan parte hartu eta Ertzaintzak haiek sartu ditu atestatuan (Urola Kostako Hitza)

Iaz, uztailaren 8an, manifestazioa egin zen Azpeitian, eta han zeuden herriko zazpi gazteren izen-abizenak gehitu ditu Ertzaintzak atestatuan, "terrorismoa gorestea" eta "ekintza terroristak egitea" gaineratuz; gainera hauen auzia Espainiako Auzitegi Nazionalera bidali du. Zazpi gazteek atzo deklaratu zuten Azpeitiko epaitegian, ordezko epailearen aurrean, eta orain Madrildik noiz deituko zain daude.

Uztailaren 8an, Oihane Errazkin preso donostiarra urkatuta agertu zen bere ziegan, eta heriotza hura salatzeko manifestaziora deitu zuen Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Mobilizazioak eskualdeko hainbat herritan egin ziren: Zarautzen eta Azpeitian batzarrak egin ziren eta batzarraren ondoren Azpeitian manifestazioa ere egin zen.

Manifestazioak baimenik ez zuela eta, ibilbidearen erdian Ertzaintzak gelditu egin zuen. Ondoren, atestatua egin eta Madrilera, Espainiako Auzitegi Nazionalera bidali zuen. Azpeitiko Askatasunaren hitzetan, "beste behin adierazpen askatasuna urratuta ikusi da. Azkenaldian, herri honetan Ertzaintza hartzen ari den neurriaren beste adierazle bat da zazpi lagun horien auzia. Horiek horretara EAJk jartzen ditu, haien errepresio estrategikoa da. Ibarretxe Planaz eta eskubideez hitz egiten da, baina gero beraiek ez dituzte errespetatzen besteenak. Ikusi besterik ez dago zer gertatzen ari den manifestazioetan parte hartzeagatik, pankartak eta kartelak jartzeagatik. Auzipetuak gero eta gehiago dira eta isunen kopurua 25.000 eurora heldu da". Askatasunak salatu egin du zazpi lagunen aurkako auzia, "manifestazioan parte hartzeagatik Madrilen dilijentzia ireki baitzaie".