Egoera "larria" dela dio ezker abertzaleak

Urola-Kostako Hitza 2005ko ots. 14a, 11:02

Gaur, astelehena, udalbatzar berezia egingo da gertakarien inguruan 13:30ean (Urola-Kostako Hitza)

Aurreko astean Azpeitian bizitakoa "larria" izan dela esan zuten Azpeitiko ezker abertzalearen ordezkari IƱaki Errazkinek eta Dorleta Odriozolak. "Salbuespen egoera bizi izan dugu. Gerra egitera etorri zen Espainiako Polizia eta inpunitate osoarekin eta azpeitiarron kontra jarduteko borondatearekin jokatu du. Eta herritarrok indefentsioa eta ezintasuna sentitu ditugu".

Ezker abertzaleko ordezkariek eta herritarrek hainbat bilera egin dituzte Azpeitiko alkatearekin aste honetan, eta Habeak mozioa aurkeztu du "udalbatzar berezia deitzeko eskatuz". Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak gaurko, (13:30) udalbatzarra deitu du; larunbatean hartu zuen erabakia.

Gertatutakoak eta atxiloketak ezker abertzaleak bizi duen egoeraren ispilu direla esan zuten Errazkinek eta Odriozolak: "Argi erakusten dute ezker abertzalearen aurkako eraso etengabea, inolako su etenik gabe".

EAJren eta EAren jarrera kritikatu egin zituzten. "Haiek jokatzen ari diren papera salatu nahi dugu, poliziak Azpeitiko kaleetan tiroka ibili direnean, EAJ eta EA udaletxean ezkutatu direlako". Ezker abertzalekoen ustez, egoerak "jarrera ausartagoak" eskatzen ditu, eta dei egin die EAJko eta EAko ordezkariei "ardurazko erantzun bat ematera eta herritarren defentsan inplikatzeko".

Unai Lizaso inkomunikatuta

Iker Iparragirre azpeitiarraren berririk ez da, eta ostiraletik Unai Lizaso zestoarra -Azpeitian bizi da-, berriz, Poliziaren esku dago, Madrilen, inkomunikatuta. Askatasunaren arabera, astelehenean jarriko omen dute epailearen esku.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aginduz asteazkenetik 16 lagun atxilotu dituzte. Asteazkenean atxilotutakoek (14) atzo eta herenegun deklaratu zuten, eta hiru libre gelditu ziren. Besteak kartzelaratzea eskatu zuen fiskalak eta Garzonek onartu egin zuen eskaera; bik tratu txarrak salatu dituzte. Herenegun, ezezagun batzuek zaborrontziei su eman zieten Jose Artetxe kalean eta Perez Arregi plazan.