Kultur taldeek Udalari diru laguntza eskatzeko epea ireki berri dute

Urola-Kostako Hitza 2005ko ots. 14a, 11:02

Eskaerak martxoaren 10a bitartean egin daitezke udaletxean

(Urola-Kostako Hitza)Udaleko Kultura batzordeak herriko kultur taldeek Udalari aurtengo diru laguntzak eskatzeko epea ireki zuen ostegunean. Eskaera egiteko hilabeteko epea jarri du; beraz, martxoaren 10a arte zabalik izango da.

Diru laguntza eskatzeko hainbat datu eta ziurtagiri aurkeztu beharko dira Udaleko Kultura Batzordearen bulegoan. Besteak beste: taldearen datuak (izena, NIF zenbakia, helbidea eta telefonoa), taldearen arduradunaren datuak (izen-abizenak, Nortasun Agiriaren zenbakia, helbidea eta telefonoa), taldekideen izen-abizenak, taldearen helburuak, eta 2005 urteko plangintza eta aurrekontua (sarrera eta irteeren zenbatekoak azalduta); 2004an Udaletik diru laguntzarik jaso baldin badute, faktura edota egiaztagirien bidez justifikatu beharko dute 2005erako diru laguntza eskatzeko garaian. Diru laguntza eskaera egiteko agiria Udaleko Kultura Batzordean jaso daiteke (udaletxean, bigarren solairuan) eta eskaerak ere bertan aurkeztu beharko dira martxoaren 10a bitartean. Arazo edo zalantzaren bat izanez gero, Kultura Batzordearen bulegoko 943 157068 telefono zenbakira deitu daiteke.