Bukatu dira inauteriak

Urola-Kostako Hitza 2005ko ots. 9a, 13:02
  • Eguraldiak lagunduta kale giro ederra egon da goizez, arratsaldez eta gauez aurtengo inauterietan, baina bukatu dira, eta atzo Zezenaren Hiletarekin agurtu ziren inauteriak datorren urtera arte
  • Mozorro lehiaketako irabazleen zerrenda dator albistean

(Urola-kostako Hitza) Gauez hotz egin badu ere, festa giroan ibiltzeko eguraldi paregabea egin du aurtengo inauterietan. Atzo iluntzean, ordea, agur esan zieten azpeitiarrek aurtengo inauteriei, Zezenaren Hiletarekin.

Inauteriak agurtu aurretik, parranda giro aproposa izan da herriko kaleetan. Herenegun gauean, helduak mozorrotzeko garaia zen. Denetarik ikus zitekeen. Asko mozorrotutako pertsonaiaren paperean sartuta eta antzezten.

Txarangak ibili ziren kalez kale giroa berotzen; nolabait berotu behar, izotza bota baitzuen eta termometroa zero gradutan zegoen. Plazan, berriz, Pixpila Disco Bus eta drag queen-en emanaldia izan zen. Gauerdia pasatuta, udal arduradunak mozorro landu eta ederrenen aukeraketa egiten hasi ziren, eta gaueko 01:30ean banatu zituzten sariak. Banakoetan, lehen saria, Inauterietako erreginaz mozorrotu zenak jaso zuen, eta taldeetan, lehen saria, Heidik eta haren lagunek. Atzo, Udal Musika Bandaren goiz eresi goiztiarrarekin jarraitu zuen astelehenean hasitako festak. 07:00etan sokamuturra izan zen; plaza, oraindik mozorrotuta jarraitzen zutenez beteta zegoen. Batzuk, mozorroari zukua atera zioten, toreatzailez jantzitakoek zezena toreatzen jardun baitzuten.

Arratsaldean, haurrentzako parkea, txarangak eta sokamuturra izan ziren. Izarraitzen, berriz, erremonteko hiru partida jokatu ziren. Zezenaren hiletarekin eta txarangaren doinuekin amaitu ziren inauteriak.

Mozorro lehiaketa: irabazleak

Banakakoetan

Lehen saria: Inauterietako erreginarentzat

Bigarren saria: Zikoinaz jantzitakoarentzat

Hirugarren saria: Xilofono jotzailearentzat

Amona zaharrak, Mari Jaia eta Goñi pilotariak afaria irabazi zuten.

Taldekakoetan

Lehen saria: Heidi eta lagunak

Bigarren saria: Murilleroen taldea

Hirugarren saria: Flamenkoak, El Korral de la Paki

Otxoteak eta loterak afaria irabazi zuten.