Astelehenean hasiko da Garikoitz Etxeberriaren aurkako epaiketa

Urola-kostako Hitza 2005ko ots. 4a, 16:02
  • Haika-Segi auziko 42 auzipetuen artean dago Kafe, eta Uztarria aldizkariak elkarrizketa egin dio (Urola-Kostako Hitza)
  • Uztarria aldizkariak elkarrizketa egin dio Kaferi

Atzo eguerdian, Haika eta Segi gazte erakundeetako 42 auzipetuen abokatuek oraindik ez zuten epaiketaren berririk jaso; gazteetako bat Garikoitz Etxeberria Kafe azpeitarra da. Herenegun, ordea, inputatutako gazte batzuek etxean telegrama bat jaso zuten, Espainiako Auzitegi Nazionalerako zitazioak ziren. Haietan adierazten zenez, 18/01 sumarioan auzipetutako gazteek hilaren 7an aurkeztu behar dute Espainiako Auzitegi Nazionalean, 10:30ean.

Kafe, 2001eko martxoaren 6an atxilotu zuen bere etxean Espainiako Poliziak, Haikako kide izateagatik, eta lau urte daramatza kartzelan. Uztarria aldizkariak otsaileko zenbakian elkarrizketa egin dio.

Haika gazte erakundearen aurkako operazioan atxilotu eta oraindik espetxean jarraitzen dutenek lau urte egingo dituzte preso martxoan. Ordurako epairik egon ezean, aske utzi beharko lituzkete. Baina, prozedura azkartu egin dute. Honen inguruan mintzo da Etxeberria Uztarria-n: "Batetik, fiskalak gure kaleratzea saihestu nahi du, lau urte hauetan izandako utzikeria agerian ez gelditzeko. Bestetik, bizkortzeak Espainiako Auzitegi Nazionalean dauden barne gatazketan sektore erreakzionarioenen mugimendu bati erantzuten ote dion susmoa ere badugu".

Urtarrilaren 4an kaleratu zituen zigor eskaerak Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, Enrique Molinak: 654 urteko espetxe eskaera da guztira. Kaferi 14 urteko kartzela zigorra eskatzen dio Fiskaltzak, "Jarrai-Haika erakunde terroristaren Gipuzkoako arduraduna" izatea leporatuz. "Eskaerarekin gertatzen dena instrukzioaren ildo berean kokatu behar da. Fiskalak ez daki sumarioari nondik eutsi, eta egin diezaguketen eskaera handiena egitea erabaki du. Nolabait esatearren, euskal gazteriaren borroka grinaren faktura ordainarazi nahi digute" dio Etxeberriak.

Inputatuen ustez, "erabat politikoa" da auzia; "Espainiak Euskal Herriaren aurka egindako erasoa". Etxeberriak dioenez, "honek denak bultzada politikoari erantzuten dio, ezker abertzalea zirkulaziotik kentzeko helburuarekin".

Prozedura azkartu eta astelehenean hasiko da gazteen aurkako epaiketa; Etxeberriaren amak, Mari Carmen Uriak, epaiketarako zitazioaren berria irratiz jakin zuen atzo. "Irratian entzunda jakin dut, 13:15ean abokatuarekin hitz egin dut eta honi ez zaio epaiketarako abisurik heldu, honek inputatuei heldu zaizkien zitazioengatik jakin du". Atzo, epaiketarako hiru egunen faltan, hori zen egoera. "Oso arraroa da kontu hau eramaten ari diren modua", zioen Uriak.