'Haika mutil' izenburuarekin dator Uztarriaren 59. zenbakia

uztarria 2005ko ots. 4a, 15:02
  • Hasiak dira etxeetara banatzen
  • Garikoitz Etxeberria Kafe elkarrizketatu du Uztarriak, eta horrez gain besteak beste, sokamuturreko argazkiak erakusten dira, parte zaharreko gabeziak, eta PPko zinegotziak itzultzailea eskatu duela landu dira

Uztarria aldizkariak 59. zenbakia atera du. Aste honetan banatuko dute bazkide eta harpideen artean; jada hasiak dira horretan. Eta bertan landutako gai nagusiak hauetxek:

Garikoitz Etxeberria Kafe duela lau urte atxilotu zuen Espainiako Poliziak, eta kartzelan daukate epaiketarik egin gabe. Orain behin behineko presoaldi epea amaitzera doanean epaituko dute. Egindako elkarrizketan Kaferekin sakontzeko aukera izan da.

Klik atala sokamuturreko argazki lehiaketan izandako irabazleen irudiekin osatu da. 7 argazki, 7 momentu iruditan.

Parte zaharrak dituen gabeziak puntuz puntu aztertu dira bertako bizilagun eta langileekin: azoka, aparkalekuak, erakargarritasun eza... Baina, Azpeitiko herriari buruz gehiago ere badakarki: www.datutalaia.net web gunean aurkitutako datuekin, Azpeitiko biztanleria tasa, ekonomia, euskara eta beste datu estatistiko batzuei buruz hitz egiten da.

Eta euskara atalean hauxe: PPko zinegotziak, Julia Tercerok, udaletxeari berehalako itzulpen zerbitzu sistema jartzeko eskatu dio euskara ulertzen ez eta ikasiko ez duelako.

Eta noski, herritarren iritziak, argazkiak... ere irakurtzeko aukera dago azken zenbaki honetan.