Etxe Zuriko lagunek web gunea sortu dute

Uztarria 2005ko ots. 3a, 16:02
  • Ez darama denbora asko www.etxezuri.net helbideak eta oraindik "hobetzeko" asmoa dute egileek
  • Etxe Zurin biltzen den jendeak bidalitako lanak, proposamenak... jasoko ditu hasiera batean

Teknologiak garrantzi handia hartzen ari den gizarte honetan, badira lagun artean baliabide hori aprobetxatuz aisirako eta ongi pasatzeko tartea hartzen jakin dutenak. Hala, Etxe Zuri tabernan biltzen diren lagunek www.etxezuri.net web gunea sortu dute.

Bertan biltzen diren bezeroen artean dagoen harreman onaren fruitua omen da, Mikel Azpitartek esan duenez: "Geure artean giro ona dago, eta jende asko biltzen gara. Jendeak internetez bidalitako gauzak jasotzen ditugu, eta gero bertan sartu. Jendeak partehartzea da helburua".

Sei atal aurkitu daitezke bertan: "Asteko poemie", "asteko galderie", "asteko elkarrizketie", "nor da hau?", "esamesak", eta "zaunke bat". Aukera interesgarriak aurki daitezke beraz, eta Azpitartek esan duenez, "astero aldatzeko" asmoa dute, "erre gabe".

Ez daramate denbora asko, 2 aste hain justu, eta oraindik "hobetzen" joateko asmoa dute: "Hor azaltzen diren publizidadeak kenduko ditugu, 2 aste bakarrik pasa dira sortu zenetik". Eta infromazioari dagokionez, "Etxe Zuriko jendeari buruzkoekin hasiko gara, baina, jende asko ibiltzen denez eta bakoitzak hortik aparte ohitura gehiago dituenez gauza gehiago ukituko ditugu", dio Azpitartek.

Beraz, Etxe Zuriko lagunen berri www.etxezuri.net-en izango du nahi duenak esku-eskura.