4.100 erabiltzaile izan ditu Gabonetan izotz pistak

Urola-Kostako Hitza 2005ko ots. 1a, 14:02

Merkatarien elkarteek eta Udalak "balorazio positiboa" egin dute izotz pistaz (Urola-Kostako Hitza)

Gabonetan Betharramdarretan jarritako izotz pistan 4.100 erabiltzaile ibili dira. UEME, Alde Zaharreko Merkatarien Elkartea eta Udaleko Industria, Merkataritza eta Turismoko batzordearen ekimenez jarri zen izotz pista abenduaren 20tik urtarrilaren 9a arte. "Balorazio positiboa" egin dute ekimenaren bultzaileek. Udala gustura dago erabiltzaileek izandako harreragatik, UEMEren iritziz jende gehiago ibili da kalean eta Alde Zaharreko merkatariek "balorazio positiboa» egin dute, baina "koka-lekuagatik" eragin handirik ez dute nabarmendu.

Batez beste egunean 100 pertsona ibili dira izotz pistan: gehien urtarrilaren 8an, 300 lagun. Gutxien, urtarrilaren 5ean, 80 lagun. Erabiltzaileen artean inkesta bat egin du Udalak, eta %99k izotz pista "ondo" edo "oso ondo" dagoela esan du. Erabiltzaileen %68a azpeitiarra izan da, eta gainontzekoak Azkoitia, Elgoibar, Zestoa, Zumaia eta Zarauztik etorritakoak. Jende gehien arratsaldean ibili da, 17:00ak eta 20:00ak artean.