Ramon Etxezarreta: “Niri ez harrapatu gero txiskerorik edo libururik”

Gorka Erostarbe (Berria) 2005ko urt. 31a, 14:01
Ramon Etxezarretari eginiko marrazkia(Berria)

Atzo Berria egunkariaren Tartea atalean egin zioten elkarrizketa informala Donostiako zinegotziari. Irakurri osorik.

Politikaria, literatur zalea, erretzaile amorratua. Euskadiko Ezkerran hasi zuen militantzia politikoa. 1979-1983 eta 1983-1987 legegintzaldietan Azpeitiko Udalean zinegotzi izan zen. 1994an alderdi sozialistan afiliatu zen, eta bederatzi urte daramatza Donostian zinegotzi PSE-EEtik. Donostiarturik dagoen arren, Urrestilla jaiolekua (1949) ez du ahaztua, sarri joaten baita hara bisitan.

Zer gertatu zen zu jaio zinen urtean?

Ameriketako Estatu Batuek H bonba saiatu zuten. Donostira Buelta Frantzia ikustera etorri Caputek irabazi zuen etapan eta GAPek bere biziko lehen aldiz emakume bat gorririk ikusi zuela bost urte bete ziren.

Heldutasunera iritsi zinen…

Gutxi gutxi falta zait, ia-ian nabil.

Zure gustoko toki edo txoko hori?

Etxe atzea gerizpetan dagoenean.

Bizio bat?

Tripazaina ez, ez mozkorra, ez larruteroa... Beste hori beraz.

Zure zaletasunak?

Irakurtzea, egotea, hizketa.

Gustoko plater edo jakiren bat?

Txuleta koxkor bat.

Inoiz egin duzun xelebrekeria handiena?

Xelebrekeriak egindakoaren tankera hartzen didazula ez didazu bada esango!

Bereziki maite duzun objketu pertsonal hori?

Niri ez harrapatu gero txiskerorik edo libururik!

Nola definituko zenuke zure burua?

Jatorra ez beste edozein hitzekin.

Zein dohain edo abilezia edukitzea gustatuko litzaizuke?

Superpotentzia sexuala izango nintzateke edo edozein musika tresna jotzea.

Pertsonengan gehien estimatzen duzun dohaina?

Dohai nahikoen arteko oreka, bakarrarekin ez goaz inora.

Pertsona batek egin dezakeen doilorkeriarik handiena?

Ez ikusiarena, ez adituarena, konturatu ezarena egitea. Arrazoimendua ixtea.

Zerk sortzen dizu beldurra?

Unanimitateak. Ankerkeriaren bezpera da.

Zerk eragiten dizu barrea?

Umore finak eta zorrotzak.

Eta negarra?

Nire abokatuaren aurrean ere ez dizut aitortuko.

Gehien errepikatzen duzun esaldia edo makulua, edo gustokoen duzuna?

“Nolabait” gehiegi esaten ote dudan nago, ezin dut ebitatu.

Zure lorpenik handiena?

Bizirik eta eromenez gainezka egin gabe irautea.

Zure buruari maiz egiten diozun galdera?

Noiz itzuli behar duk etxera?

Damuren bat?

Asko, baina gaurko dataz.

Fikzioko heroiren bat?

Don Kixote, Tellagorri.

Hezur-haragizko heroirik? Miresten duzun inor?

Edozein etxekoandre.

Ezagutu ez, eta gustura ezagutuko zenukeen norbait?

Hemendik hiru lau legegintzaldirako lehendakaria... je,je!

Eta zure begi aurrean ikusi nahiko ez zenukeen inor?

Lluch adiskidea erail zidana, Mikel Martin egurtu zutenak, etab...

Norekin egiten duzu amets?

Azkena neure idazkariarekin, a zer bronka! Ez nizuke gomendatuko, ametsa noski.

Maitasun handirik ez diozun inor ba al da hemen aitortzeko moduan?

Maitasun handia gutxiri izaten zaio, ez dira kabitzen.

Zer da zuretzat zoriontsu izatea edo zoriontasuna?

Inork ez duela lortuko zu zoriongabe izateko manifestua sinatzea. Handik aurrera ez bazara zoriontsu kontuak erremediorik ez daukan seinale.

Inoren larruan berpizteko aukera izanda…

Greta Garbo, Basarri, Martxelo Otamendi, Alejo Carpentier, Amstrong, Lance edo Louis berdin da, Sharon Stone, Cleopatra, Kovacevic, Astiazaran,... ezagunak esateagatik. Ez, ez... Egibar ezetz esan dizut.

Ez jaio eta ez berpiztu behar ez zuen bakarren bat…

Ez naiz nor.

Historian zehar bereziki azpimarratzekoa iruditzen zaizun aurrerapauso edo mugarriren bat?

Moisesen tauletan bosgarrena idaztea, inpretaren asmatzea, marxismoa.

Inoizko gezurrik handiena?

Politikariak direla gezurtirik handienak pentsatzea.

Hiru idazle aukeratzekotan?

Ez, ez... Hiru azkenak: Manguel, Maalouf, Hernández Abaitua.

Eta hiru musikari edo musika talde?

Beste hiru azkenak. Wagner, Luz Casal, Karidadeko Benta.

Hiru film edo pelikula?

Zer? Kulturaren historia faszikulotan egin nahian ala...?

Lagun bati sekula gomendatuko ez zeniokeen…

Filma?, Diskoa?, Liburua?

Asmo onez ala izorratu asmoz? Allakuidaos... berak ikusi dezala!

Zer esan nahi dute zuretzat ondorengo hitz hauek:

Bikotea: elkartasuna, poza, aterpea.

Familia: Jatorria, ondorena, ingurua, ilusioa, afektu ttiki pilo baten etxea.

Lagunak: Konfiantza, kritika sinesgarriak, barkamena.

Hedabideak. Egiten zaien topikoz jositako kritika baino askoz ere gehiago interesatzen zaizkit.

Politika. Zibismoa, herritartasuna, pertsonatasuna.

Erlijioa. Harrigarria da inork euskal erlijioaz ez hitzegitea.

Hizkuntza. Euskara. Nire hizkuntza.

Euskal Herria. Nire herria.

Autodeterminazioa. Dena konpontzen omen duela diote, sinesgogorra naiz.