Anne Agirre: "Geldirik egotea ez zait gustatzen, eta denetik probatzea atsegin dut"

Urola-Kostako Hitza 2005ko urt. 31a, 13:01
  • Anne Agirre spinnin-eko irakaslea da, eta Ttakunpa taldeko kidea; gimnasia, musika eta dantza filosofiako ikasketekin uztartzen ditu neska azpeitiar honek
  • Asteburuan Urola-Kostako Hitza egunkarian agertu zen elkarrizketa da

Anne Agirre azpeitiarra da. Donostian filosofia ikasketak egiten ari den arren, Azpeitian spinnin-eko irakaslea da. Duela urte bete inguru hasi zen irakasle lanetan. Horrez gain, Ttakunpa taldeko kidea ere bada. Astean zehar erabiltzen duen bizikleta estatikoa alde batera utzi, eta oholtza gainean dantza afrikarrak egiten ditu asteburuetan.

**Musikaria, gimnasia irakaslea, filosofia ikasleaƉ Zein da zure ofizioa?**

Ez dakit. Geldirik egotea ez zait gustatzen, eta denetarik probatzea atsegin dut. Dena dela, ez dut uste horrenbeste gauza egiten ditudanik, denen antzeko gauzak egiten ditut. Astean zehar, goizez ikasi egiten dut, arratsaldean lana, eta asteburuetan kontzerturik ez badut atseden hartzen dut.

Nolatan hasi zinen spinnin-eko irakasle moduan?

Igerilekuan eta bizikleta estatikoetan asko ibiltzen naiz. Bertan proposatu zidaten titula ateratzeko. Kirola egitea gustuko dut, eta ez zitzaidan ideia txarra iruditu. Ateratzea erabaki nuen, eta urtebete inguru daramat spinnin-eko irakasle lanetan. Spinnin-a musikarekin lotuta dago, hankekin erritmoa eraman behar da, eta gustuko dut. Astean bi orduz ematen dut. Gero, umeei igeri egiten irakasten diet, igerilekuko monitorea ere banaiz-eta.

Nola moldatzen zara irakasle bezala?

Nahiko ondo, niretzako ez da oso zaila. Entrenamendu erregular bat jarraitu behar da. Musika prestatu eta musikaren erritmoarekin batera ariketak egin behar izaten dira. Bizikletaren gainean eroso sentitu artekoa da zailena.

Ikasleek jarraitzen al dizkizute zure koreografiak?

Taldea da garrantzitsuena, koreografiak horren araberakoak egin behar direlako. Orain dudan taldearekin gustura nago, gazte asko dago eta erraz jarraitzen dute. Batzuek, gainera, egurra emango zidaten. Ariketak ikasten joaten dira. Dena dela, adin guztietako jendea joaten da, eta guztiak arrazoi desberdinengatik, gainera: kiloak kentzeko, estresa kentzeko eta beste batzuk, berriz, ondo pasatzera. Denetarik dago.

Nola egiten dituzu koreografiak?

Niri gustatzen zaidan musika jartzen ahalegintzen naiz, baina musika klase desberdinak erabiltzen ditut. Lehenik abestia osorik entzuten dut, eta gero, abesti horri erritmo bat jartzen diot. Erritmoa jarritakoan, gero desberdina da, bizikleta estatikoaren gainean ariketak egiteko aukera asko ez dagoelako; gora, behera, aldakekin eta ipurdiarekin egin daitezke ariketak. Zati desberdinak lantzeko ariketak ere badaude, eta horiek ere sartzen ditut. Klaseak prestatzen ongi pasatzen dut, eta taldean egin aurretik neuri probatzea gustatzen zait, egokia den edo ez jakiteko.

Irakaslea izateaz aparte musikaria ere bazara.

Nire burua ez dut musikaritzat jotzen. Perkusio afrikarreko instrumentuak jotzea gustatzen zait, eta denborarekin ikasi dut. Asteko estresak bertan lagatzen ditut, eta zarata grabe horiek bestelako sentsazio batzuk sortzen dizkidate.

Nola hasi zinen?

Ez dakit noiztik nabilen Ttakunpan. Mutilaren bidez hasi nintzen, nolabait esatearren. Bera Zestoan lagun talde batekin ibiltzen zen, eta neu ere joaten hasi nintzen. Musikarekin eta dantzarekin egiten zutena gustatu egin zitzaidan, eta harrezkeroztik nabil. Dantza afrikarrak ikasteko ikastaro batera joan nintzen, Huescara. Gero taldeko Aranekin, berriz, asko ikasi dut. Oso gustura nago Ttakunpan. Bizimodua aldatu dit; nire ustez, onerako.

Ttakunparen kontzertuak, ikuskizunak ere badira.

Erabat desberdina da talde baten diskoa entzun edo kontzertua ikusi. Guk, musikaz gain, dantzak, janzkerak eta beste gauza batzuk ditugu. Ikusleak harritu egien dira. Horrek asko egiten du. Gainera, gure kontzertuak edozeinek ikusteko modukoak dira.

Dagoeneko kontzertu batzuk egin dituzue. Anekdotarik?

Tolosako inauterietan jo genuenean ez genekien zer gertatuko zen. Baloiak eta antzeko gauzak alde batetik bestera zebiltzan, eta taldekide bat noiz joko zain geunden. Beste behin, palet batzuen gainean jo behar genuen, eta ezinezkoa zen. Azkenean tablak geuk josi genituen. Kontzertuetan ondo pasatzen dugu,eta horrelakoak lasai hartzen ditugu.