Euria eginez gero ere danborrada irten egingo da hemendik aurrera

Urola-Kostako Hitza 2005ko urt. 28a, 12:01
  • Danborradaren orduan euria eginez gero, Udalak zirak banatuko dizkie talde guztiei
  • Herenegun San Sebastian bezperako danborradako taldeetako zuzendariek eta Udaleko Festa Batzordeak batzarra egin zuten

"Ondo joan zen bilera. Datozen urteotan ezer zelebrerik ez bada gertatzen behintzat irtetea erabaki genuen, nahiz eta euria egin danborrada irten egingo da", adierazi zuen Mikel Ibarzabal Festa batzordeburuak. "Eguraldi txarra egiten badu Udalak taldeen artean zirak banatuko ditu". Batzarrean taldeetakoek izandako parte hartzearekin ere gustura agertu zen Ibarzabal, "denok parte hartu eta hitz egin genuen bileran".

Joxe Juan Arakistain Pino Barratsuko zuzendaria ere iritzi berekoa zen, "ondo joan zen bilera, eta aurten egin duen eguraldia egiten badu ere irten egingo dugula erabaki genuen". Amaia Bereziartua Barrenetxea taldeko zuzendaria ere gustura atera zen batzarretik, "ondo joan zen, eta erabaki garbia hartu genuen".

Martxoan, pieza berrien inguruan beste bilera bat egingo dute danborradakoek.

Albistea Urola-Kostako Hitzan