Kaldereroak datoz asteburuan

uztarria 2005ko urt. 28a, 11:01
  • Bihar (larunbata) izango da desfilea, 22:30ean
  • Aurten Jose Ignazio Alberdi eta Jose Mari Eizagirre izango dira omenduak

Badatoz karnabalak. Hala ere, aurrez mailuak, koilareak eta ontziak hartuta kaleetan zehar doinuei erritmoa emateko garaia da. Badatoz kaldereroak. Atzo (osteguna) entsegua egingo zuten, Azoka plazan.

Bihar (larunbata) izango da ekitaldia, eta ordurako egitaraua antolatu du udaletxeak. Honako hau izango da:

Egitaraua

  • 20:00etan, Iturritxiki Ludotekan kalderero guztien topaketa.
  • 20:15ean, Zapo Txokon Kalderero Jaialdia eta Magoen Ikuskizuna. Ondoren afaritxoa.
  • 22:15ean, kalderero guztiak Zapo Txokotik Enparantza Nagusira.
  • 22:30ean, kalderero Desfilea Enparantza Nagusitik irtenda herriko kaleetan zehar.
  • 00:00etan, Iturritxiki Ludotekan begiraleekin dauden haurrak jasoko dituzte gurasoek.

Ordu berean, Kauta taldearen kontzertua egongo da.

Bestalde, Udalak pare bat ohar zabaldu ditu. Batetik, haur eta gaztetxo guztiek kaldereroz jantzita egon behar dutela. Eta bestetik, ekitaldian begiraleak arduratuko direla umeez.

Ibilbidea

Udal Musika Banda eta Juan de Antxieta Musika Eskola plazan elkartuko dira 22:15ean gaztetxoekin. Guztiak batera, Ardozaleen elkartera joango dira helduen bila. Handik abiatuta ibilbide hauxe egingo dute kaldereroek:

Ardozaleen elkartetik plazara Artetxe aurrean geldiune bat egin ondoren.

Hortik Enpankalera eta gero Erdi Kalera.

Eguzkitza parean geldiune bat Trapu Zaharrak abestia abesteko.

Ondoren Eliz kale, Santiago eta hortik Enparantza Nagusira.

Desfilearen ordena, berriz, honako hau:

  • Kalderero taldea
  • Juan de Antxieta Musika Eskola
  • Kalderero taldea
  • Helduen talde bat – Ardozaleak
  • Kalderero taldea
  • Udal Musika Banda
  • Beste bi helduen talde

Eta azkenik, astoa gurdiarekin – ardozalekoekin

Bi omenduak

  1. urtetik Ardozaleak elkarteko Hungariako Kaldereroen Elkarteak zenbait herritar omentzen ditu. Aurten Jose Ignazio Alberdi eta Jose Mari Eizagirre izango dira omenduak.

Jose Ignazio Alberdik Azpeitiko musikari eta organo egileei buruz hainbat lan argitaratu izan ditu zenbait aldizkari eta egunkaritan, eta baita hitzaldiak eman ere. Urteetan ikerketa lanean ari da herriko musikarien eta egileen inguruan datuak aztertuz. Kaldereroek egingo dioten omenaldia dela-eta gustura dago. "Eskertzekoa da batekin horrelako atentzioa edukitzea. Afaria egingo dugu eta gero kaldereroen desfilean ahal duguna egiten ahaleginduko gara".

Jose Mari Eizagirre ere pozik dago kaldereroen omenaldia jasoko duelako. "Pozteko berria da, eskertzen diet nirekin akordatu izana, poz hartu dut. Ikusiko dugu biharkoa nola ateratzen den, eguraldiak laguntzen badu polita izango da. Eta gainera biribil-biribila arratsaldean Lagun Onak-en lehen taldeak Garmendipen partida irabazten badu", dio Lagun Onak futbol taldeko lehendakaria denak. Urte askoan izan da Eizagirre Lagun Onak futbol taldeko zuzendaritzako batzordekidea, 1944etik 1948ra aurrena eta lehen aldiz futbol taldeko presidente 1971-72ko denboraldian aukeratu zuten, bi denboraldi egin zituen. Baina gaur ere futbol taldeko presidente da, 1990. urteaz geroztik.