Landetako saihesbidearen lanak 2006an hasiko dira

Urola-Kostako Hitza 2005ko urt. 27a, 12:01
  • Atzo Sanjuandegiko biribilgunea inauguratu zuten Aldundikoek eta Udalekoek (Urola-Kostako Hitza)

Atzo, Sanjuandegiko biribilgunea inauguratu ondoren, aurrerantzean Azpeitia inguruan egin asmo diren errepide eta hobekuntzen berri eman zuten Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Udaleko arduradunek.

Azpeitiko saihesbidearen proiektua idazten ari direla jakinarazi zuen Aldundiko Josu Agirrezabalaga Errepideetako zuzendariak; ekainerako bukatu nahi dute. Baina, "Landeta auzoko auto pilaketaren ondorioz" saihesbide berriaren adar bateko Landetakoa lanak azkartu egingo dituzte eta 2006an lanak hasi. "Azpeitiko saihesbidea 1970an egin zen, baina ordutik aldaketa handiak izan dira trafikoan, beharrak sortuz".

Garraioaren arazoari bi aldetatik eman nahi diote erantzuna. Batetik, gaur egungo saihesbidea "hobetuz" eta bestetik, saihesbide berria eginez. "Inauguratu dugun Sanjuandegiko biribilgunea hobekuntzetako bat da".

Landetako saihesbidea edo herriko saihesbide berriaren adarra izango denaren proiektua idazten ari dira. "Garmendi gainean biribilgune bat egingo da, handik Larreko industria poligonora joango da errepidea, eta goiko aldetik Atxubiaga arte, handik Zapatarira", azaldu zuen Agirrezabalagak.

"Komunikazioak hobetzea da gure asmoa, eta horretarako beharrezkoa dugu saihesbide berria, ahaztu gabe Donostiarako eta N-1erako bideekin", azpimarratu zuen Julian Eizmendi alkateak. Bestetik, saihesbidearen obrak "beharrezkoena" den tokian hasiko direla gaineratu zuen. Hala ere, beste biribilgune batzuk egiteko asmoaren berri eman zuen: "Garmendi gaineko biribilgunea, Pogu parekoa, gaur egun abian den Gaztekoa eta Zapatarikoa. Epe motzera hasiko diren lanak dira hauek".

Bai Azpeitiko alkateak eta bai Joxe Joan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiak, era honetako obra eta azpiegiturak egiteko "administrazioen arteko elkarlanaren garrantzia" azpimarratu zuten.

Txabarrik aurreko legealdian Aldundiak egindako Gipuzkoa 2.020 gogoeta estrategikoa ekarri zuen gogora. "Gure etorkizuneko eredua ez da Gipuzkoako kostaldea bakarrik hiritartua ikustea, eta gainontzeko lurraldea lanerako edo basamortu gelditzea. Lurralde ikuspegitik Gipuzkoa orekatua nahi dugu, bai komunikazio eta azpiegitura aldetik, bai kulturgintzan, zerbitzuetan eta abar. Horrela aberatsagoa izango da Gipuzkoa, kohesionatuagoa, orekatuagoa". Bestetik, Aldundiak, GI-3181 Oñatzko errepidea berritu eta hobetu nahi du, Azpeititik Tolosarako Errezilgo GI-2634 eta Azpeititik Beasainerako GI-2635 errepideak ere hobetu nahi ditu.