Azpeitiko taldeak irabazi du Herriarteko Tenis Txapelketa

Urola-Kostako Hitza 2005ko urt. 24a, 13:01

Binakako partidan erabaki da Bergarakoen kontrako finala, eta bigarren urtez jarraian txapela Azpeitira ekarri dute

Urola-Kostako Hitzaren webgunetik:

Anjel Ainziburu, Mikel Perez eta Agustin Quintanak osatutako taldea gailendu zen atzo Azkoitiko Txerloiko pistetan jokatu zen Herriarteko II. Tenis Txapelketan. 12:30ak aldera hasi ziren jokatzen finaleko partidak. Eguraldi txarra zela eta, ez zen ikusle askorik izan finalak ikusten. Banakako norgehiagoketan Quintanak 7-5/6-2 irabazi zion Juan Luis Etxanizi. Lehen setean oso indartsu aritu zen Etxaniz, baina Quintanak eraman zuen seta azkenean, eta Bergarako jokalaria erabat desagertu zen bigarren setean. Ainziburuk ezin izan zuen bere partida irabazi, eta Jorge Aranas bergararrak aurre hartu zion 6-2/6-2 lortuta. Azpeitiarra ez zen eroso aritu pistan eta, partida ona izan arren, erraz galdu zuen.

Garaipen bana lortuta, binakako lehian jokatu zen txapelketa. Quintanak eta Perezek osatzen duten bikoteak aise bereganatu zuen partida. 6-2/ 6-2 markagailuak ondo erakusten du Txerloian gertatutakoa. Garaipen erraza izan zen, txapela bigarren urtez Azpeitian geratzeko nahikoa, gainera. Honekin, txapelketako kopa betiko Azpeitian geratzeko pauso batera daude. Izan ere, Herriarteko Txapelketa hiru aldiz irabazten duenak eramaten baitu kopa etxera.