Almacenes Etxeberria, Memesa eta Lausa enpresak elkartuta Sein taldea sortu dute

Urola-Kostako Hitza 2005ko urt. 13a, 12:01

Sein taldea, «bezeroen eskaera bati erantzuna emateko asmoarekin sortu da»

Industria-horniduraren arlo desberdinetan espezializatutako hiru enpresek bat egin eta Sein taldea sortu dute. Almacenes Etxeberria, Lausa eta Memesa dira enpresak.

Atzo, Azpeitian aurkeztu zuten 50 langile eta zortzi mila metro karratuko bost egoitzatan banatuta egongo den Sein taldea. Aurkezpenean, hiru enpresetako ordezkariak, Ana Agirre Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburua, Azpeitiko eta Arrasateko alkateak eta bezeroak izan ziren.

«Sein taldea ohiko industria-hornidura baino zerbait gehiago nahi eta eskatzen duten sektoreko enpresei irtenbide egokiak emateko sortu da. Izan ere, enpresa horiek erabateko industria-hornidura izan nahi dute, hornitze-prozesuan era egokian txertatu, beren kudeaketa hobetu eta optimizatzeko», azaldu zuten aurkezpenean. Almacenes Etxeberriako Marian Etxeberriaren esanetan, «bezeroen eskaera bati erantzuna emateko» asmoarekin sortu da.

Bezeroak gero eta handiago egin dira eta hauei aurre egin nahian elkartu dira hiru enpresak Sein taldea osatuz. «Gure sektorea zatituta dago, denak enpresa txikiak gara eta bezeroak izugarri handiak egin dira: Aceralia, MCC, CIE-Automotive... Baina hauek hornitzaileak gertu eduki nahi dituzte», dio Etxeberriak.

  1. urtean hiru enpresak 11 milioi euro fakturatu zituzten eta 2005ean «kopuru hori gainditzea» aurreikusi dute.