Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 'Segi-Haika auziko' 42 auzipetuentzat 10 eta 112 urte arteko kartzela zigorra eskatu du

Uztarria.eus 2005ko urt. 4a, 14:01
  • Auzipetuen artean Garikoitz Etxeberria Kafe azpeitiarra dago, eta litekeena da epaiketa urtarrilaren bukaeran hastea
  • Kafe 2001eko martxoaren 6an atxilotu zuen Espainiako Poliziak, eta ordutik kartzelan dago

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 10 eta 112 urte arteko espetxe zigorrak eskatu ditu Segi-Haika auziko 42 auzipetuentzat. Berria.info webgunearen bidez jakin du uztarria.com-ek.

Auzipetuen artean Garikoitz Etxeberria Kafe dago. 2001eko martxoaren 5etik 6rako Haika gazte erakundeko 15 lagun atxilotu zuen Espainiako Poliziak. Kafe, martxoaren 6an atxilotu zuten bere etxean, goizaldeko hirurak aldera. Ordutik kartzelan dago, gaur egun Alcalan dago preso (Espainia).

Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskal Enrique Molinak guztira 654 urte batzen duten espetxe zigorrak eskatu ditu Segi-Haika auziagatik auzipetuta dauden 42 lagunentzat. 10 urte eta 112 urte artekoak dira eskaerak. Zehazki, Asier Tapiaren aurka egin du 112 urteko eskaera. Auzitegi Nazionaleko iturrien arabera, litekeena da epaiketa urtarrilaren amaieran hastea.

Oro har, 10 urteko eskaerak egin ditu Molina fiskalak auzipetu gehienentzat, "erakunde terroristari laguntzea" leporatuta. Asier Tapiaren aurka, ordea, 112 urteko zigorra eskatu du "erakunde terrorista kide izatea, kalte terroristak eta suteak pizteko delitua" leporatzen baitizkio.

Jarrairen, Haikare eta Segiren aurkako prozesuan 42 lagun daude auzipetuta, baina aipatutako iturriek agertu dutenez, horietatik hamar ihes eginda daude. Gainerako gehienak espetxean daude.