Bertso berriak Azpeitiko urkamendiaren gainean jarriak

Josu Azpillaga 2005ko urt. 16a, 16:01
  • Duela 105 urte, Aiako Jose Tejeria urkatu zuten Azpeitian, 1900. urteko urtarrilaren 16an, 6000 lagunen aurrean.
  • Azkoitiko Etxeberritxo-k bertsoak jarri zizkion gertaerari.
Gertaera

Gertaera

Duela 105 urte, 1900. urteko urtarrilaren 16an, Azpeitian gizon bati heriotz zigorra aplikatu eta urkatu egin zuten. Institutua bota berri duten gain horretan izan omen zen.

Joxin Iturriotz-ek kontatzen du bere Urolaldea bertsolari liburuan.

"Muazko heriotzari buruzko bertsoak gogoratu ditut. Orain institutua dagoen gain horretan urkatu omen zuten Jose Tejeria hiltzailea. Jendez gainezka omen zen inguru osoa.

Semeak aitari tiroa bota zion, eta ihesari eman, hilik utzi zuelakoan. Tiro hotsa sentitu eta, jendea hurbildu zenean, oraindik bizirik aurkitu zuten eta berak salatu: Semeak galdu nau!. Jose Tejeria preso hartu eta Azpeitiko kartzelara ekarri zuten [orain anbulategia dagoen edifiziora]. Ihes egiten ere saiatu zen. Etxekoek janaria ekartzen zioten, eta barruan lima sartu zioten. Baina kartzeleroek hotsa aditu eta leihoko burdinak ia ebakita zituenean gelditu zuten. Orduan Donostiara eraman zuten, eta hiltzeko zigorra ezarri. Azpeitian bete zen agindutakoa, 1900eko urtarrilaren 16an, aipatutako gain horretan.

Ikusleen artean izango zen Etxeberritxo, eta honek bertsoak jarri eta hurrengo azoka egunean saldu zituen".

Efemerideen liburutik

Imanol Eliasen Azpeitiko Efemerideak liburuan ere agertzen da orduko haren berri. Honela jasotzen du gertaera Elias-ek:

"1900. Aiako Joxe Tejeria Mugaz urkatu zuten Azpeitian. Urte eta erdi lehenago haren aita hil zuen. Sei bat mila lagun bildu ziren urkatzeko orduan. Urkatu aurretik aita Aizpuru jesuita urka tokitik hitz egiten hasi zen, Norbaitzuk aholkua eman eta bere burua garbitzeko asmoz, eta Tejeriak bere aita zenaren ondra zikindu zuela, bere emaztearekin konpontzen zela esanez, baina guztia gezurra zela. Hitzaldiaren ondoren, borreroak burdin uztaia jarri eta gero, beste apaiz bat Kredoa errezatzen hasi zen, eta halaxe hil zuten Tejeria. Hainbat bertso paper zabaldu ziren Euskal Herrian gertaerari buruz; egun batean, Juan Mari Zubizarreta sei mila bertso paperekin agertu zen Azpeitian, eta guztiak saldu zituen".

Etxeberritxoren bertso sorta

Hona hemen Joan Mari Zubizarreta Larrañaga-k, Azkoitiko Etxeberritxok, jarritako bertso-sorta:

Jose Tejeria da
hau nere grazia,
Gipuzkoako Aian
jaio ta hazia;
tiroz aita hil nuan,
horra desgrazia,
publikatzera nua
asunto guzia.

Deabrubak animua
eman bihotzera
tiroz atrebituba
nere aita hiltzera;
Donostiara gero
zerbait ekartzera,
egin nuen okerra
desemulatzera.

Gizonak altxa zuten
aita bizirikan,
"O, semiak galdu nau!"
berak esanikan;
gurasubak ez zuban
esan gezurrikan,
gorputza hil ta anima
juan mundutikan.

Paperian jarria
alde aurretikan,
aitari zenbat eman
señalaturikan;
eske ari zan beti
aldamenetikan,
gure enredo danak
sortubak hortikan.

Aitak eskatzen ziran
legez eta bidez,
egiten niona da
agindu ta eman ez;
buru dana betia
pentsamendu txarrez,
tirua eman nion
dirubaren ordez.

Soldadu armadunak
lotu kurioso,
baita eraman ere
Azpeitira preso;
deklarazio txarrak
egina ni oso,
libratutzeko behar
gezurra preziso.

Aurrena egon nintzan
uka fuertian,
salatzailia pranko
bazan bitartian;
gero aitortu nuen
egunen batian,
gezur guziak ziran
neretzat kaltian.

Azpeitiatik juan
Donosti aldera,
Gipuzkoako buru
dan tribunalera;
akusatuba nintzan
Judasen legera,
gezurrak balio ez,
neretzat galera.

Andriak eta biyok
emandako hitzak,
konprenditzeko ere
oso dira gaitzak;
hoiek guziak ziran
gezurrezko saltsak,
aitari ezarriaz
ez zituben mantxak.

Gaizki egin nuela
ondo damutzen zat,
hau eskarmenturako
beste guzientzat;
munduban ez da izan
oraindikan behintzat
ume bat txarragorik
gurasubarentzat.

Donostian hartuba
nintzan albistia
posible ez zala nere
bizirik uztia;
ai hura orduko
lastima tristia!
ez zan alegratuko
nere emaztia.

Donostiatik ginan
Azpeitira etorri,
bost guardiarekin
kotxian ekarri;
kartzelan sartu eta
han nenguan larri,
sententzia tristia
zuten irakurri.

Zuzen ta garbi egin
dute justizia,
badakit nuela nik
ondo merezia;
ilbeltzaren hamaseirako
nere sententzia,
goizeko zortziretan
kentzeko bizia.

Gaiztua izan banaiz
horra sujetatu,
sententzia horrek ziran
bihotza erdiratu;
Aita Aizpururekin
gogoz konfesatu,
egindako okerrak
danak akusatu.

Pauso bat ezin eman
nuan ezergatik,
bi lagun banituben
beso banatatik;
urkamendira juan
ginan kartzelatik,
borrerua begira
zeguan atzetik.

Urkamendian nintzan
eserita jarri,
nere entrañpak zeuden
estu eta larri;
bizia eman behar
oso lotsagarri,
hau beste guzientzat
eskarmentagarri.

Barkaziua nuan
azkena eskatu,
zergatik egin nuen
lehenago pekatu;
horrengatik behar det
orain nik urkatu,
Jaungoikuari arren
nitzaz erregutu.