Saskibaloi zaleen bilgune berria

Urola-Kostako Hitza 2004ko abe. 17a, 18:12
Inaugurazioaren bigarren tanda: senior mailako jokalariak, entrenatzaileak, federaziokoak eta beste izan ziren.

Albistea Urola-Kostako Hitza egunkariatik ateratako da.

Iraurgi Saskibaloi Elkarteko jokalari gazteenek estreinatu zuten atzo Iraurgi Saskibaloia taberna berria, nola ez, alkoholik gabeko inaugurazioarekin. Baina denak pozik. 17:30erako neska-mutilak tabernako ateak noiz irekiko zain zeuden; bitartean, kanpoan baloiarekin ari ziren jolasean.

Erlojuaren orratzak aurrera eta neska-mutilen multzoa handitzen joan zen, Ildefonso Gurrutxaga kalean dagoen tabernaren bi sarreretan. Kuriositatez leihoetatik barrura begiratzen zuten. Halako batean, hasi ziren tabernaren bi ateak zabaltzen, baina gaztetxoak lasai sartu ziren barrura, batzuk mahaietan eseri ziren, eta beste batzuek, zaharrenak, tabernako barra luzera jo zuten. Ahora zer eraman bazegoen han: freskagarriak, patata frijituak, olibak, patata tortila pintxoak... Eta zerbitzariak lanean jo eta su.

Jan-edanean ari ziren bitartean, Jose Luis Zubizarreta Xubi, Iraurgi Saskibaloi Elkarteko lehendakariak eta tabernako lanak aurrera eramaten makina bat lan egin duenak, saskibaloi taldeen irudien bideoa jarri zuen martxan; orduan bai algarak eta farreak, bakoitzak bere burua hiru telebistetako batean ikusi zuenean.

19:00etan, bigarren aldiz inauguratu zen taberna. Orduan, taberna egiten lagundu dutenak, senior mailako saskibaloi jokalariak, entrenatzaileak eta federaziokoak izan ziren. Horiek ere pozik, noski. Eta 20:00etatik aurrera, herritar guztientzat zabaldu zen.

Taberna eta egoitza

Ireki ditu ateak ireki saskibaloi zaleen elkargune eta herritar guztientzako zabalik izango denak: Iraurgi Saskibaloia tabernak, alegia. Hartzubia hiribidea eta Pablo VI. auzoen artean dago, Ildefonso Gurrutxaga kalean. 216 metro koadroko lokalean taberna, almazena eta elkartekoentzako egoitza txiki bat atondu dituzte, eta horretarako 661 eta 772 mila euro arteko aurrekontua izan dute.

Asmo zaharra, aspaldikoa, gune berri bihurtu zuten Iraurgikoek atzo. Iaz, maiatzean hasi ziren lanean taberna irekitzeko asmoarekin, baina orain dela 18 bat urte antzeko ideia bat izan zuten Iraurgiko kide batzuek: «Orduan, Fernando Bereziartuak Pikua taberna utzi egin zuen, eta hura hartzearen ideia izan genuen, baina ez genion heldu gaiari».

Ateak ere gogoz ireki zituzten, tabernaren irekierak luze jo baitie. Aurrena egindako aurreikuspenetan ekainerako irekita izango zutela uste zuten, baina arazo batzuengatik besteak beste, eraikuntzakoen greba urtearen bukaera ailegatu zaie. Baina ireki dute.

Atzoko argazkiak

Uztarria.com Iraurgi Saskibaloi Elkartearen inaugurazioan ateratako argazkiekin bilduma egin da. Ikusi iruditan