Uztarriak bazkideen batzarra egingo du zapatu honetan

uztarria 2004ko abe. 15a, 18:12
  • 2004. urteko kontuak eta datorren urtera begira dituen helburuak azalduko zaizkie bazkideei
  • Aitonena I-eko aretoan izango da, 12:15ean

Uztarria Kultur Koordinadorak 2003ko batzarretik (2003-11-29) hona egindakoa azalduko die bazkideei. Zapatu honetan egingo da urteroko batzarra, Aitonena I-eko aretoan.

Uztarriak eta Baite Euskara Elkarteak iazko batzarrean bat egin zutenetik, Uztarriak sendotasun handiagoa lortu du. Komunikazioa, euskara eta kultura ardatzetan hartu diren erabakien eta egin diren ekintzen berri emango da larunbat batzarrean.

Komunikazio arloan, Urola-Kostako Hitza-ren sorreraz, Udalarekin lortutako hitzarmenaz, aldizkari eta webgune eraberrituez, eta argitaratu dituen liburuez hitz egingo du Uztarriako zuzendaritzak.

Euskara arloari dagokionez, hor ere Udalarekin hitzarmena sinatu zuen martxoan, baina arazo batzuk sortu dira eta Uztarriak proposatu duen akordio berriaz hitz egingo dute. Urtean zehar antolatu diren hitzaldien inguruan eta ahalbidetu diren zerbitzuen inguruan ere hitz egingo da batzarrean.

Eta kulturan, III. Kulturaldia eta herriko taldeekin lortutako harremanak izango dira mintzagai, besteak beste.

Horiez gain, urte hasieran uztarriak sortu zuen Hitzeko Komunikazio eta Euskara Zerbitzuak enpresak eginiko lana azalduko du.

-2005. urtea

Aurten egindako lanen azalpenez gain, Uztarriak 2005erako dituen asmoak aurkeztuko dizkie bazkideei. Horien artean dira Hitza sendotzeko ahalegina, uztarria.com hobetzea, Literatuzta-rekin jarraitzea... Horiek komunikazio arloan. Euskaran Udalarekin duen hitzarmena indartzea, eta kulturan IV. Kulturaldia eta harremanak mantentzen jarraitzea.

Beste kontu batzuk ere azalduko dira. Beraz, bazkideek zapaturako hitzordua dute: 12:15ean lehenengo deialdia izango da; bigarrena 12:30ean.