Euskarazko opariak egitea proposatu dute

Urola-Kostako Hitza 2004ko abe. 13a, 17:12

Asteburuan banatuko dute etxe guztietara Euskarazko produktuen katalogoa

Herriz herri gabon garaian euskarazko produktuak oparitzeko proposamena egiten ari dira Udalak. Gipuzkoako Foru Aldundiak egin du Euskarazko produktuen katalogoa eta Gipuzkoako 35 udalek bat egin dute egitasmoarekin. Tartean eskualdeko udalak daude: Orio, Zarautz, Zumaia, Aia, Getaria, Azkoitia, Zestoa eta Azpeitia.

Azpeitian atzo aurkeztu zuten egitasmoa Ana Mendizabal Udaleko Euskara batzordeburuak eta Patxi Saez Euskara Patronatoko euskara teknikariak. Haiek jakinarazi zutenez, atzo hasi ziren herriko buzoietan katalogoa banatzen, eta astelehenerako etxe guztietara banatuta egongo da. «Etxe guztietara banatu dugu, euskaraz mintzo diren oparien katalogoa. Izan ere, gabon garaia oparien garaia da eta katalogoan etxeko guztientzako aurkitu daiteke opariren bat. Gainera, hor azaltzen diren produktu guztiak herriko dendetan erosi daitezke. Oparia ondo aukeratu eta euskarari beste bultzada bat emateko aukera eskaintzen digu honek», adierazi zuen Mendizabalek.

Katalogoan euskarazko 243 produktu azaltzen dira, sei sailetan eta adin desberdinen arabera banatuta. «Batez ere familia barruan euskarazko opariak egiteko aukera eskaintzen du katalogoak, eta hoiek ezagutzera emateko ekimena da», azaldu zuen Saezek.

Informaziorako telefonoa

Euskara Patronatoak ekimen honekin lotuta 943 814518 telefonoa jarri du, «hara deituta produktuei buruzko informazio osagarria emango da, eta zenbait produktu patronatoan ikusteko aukera dago».