Udal ordezkariek gazte gunearen dinamika adosteko bilera antolatu dute

uztarria 2004ko abe. 1a, 18:12
  • Gazte gunearen "barruko dinamika eta hitzarmena modu parte-hartzailean adostu" nahi dute
  • Gazteei osteguneko (abenduak 2ko) bilerara azaltzeko gonbitea egiten die

Azpeitiko Udalak gazte gunearen inguruko elkarrizketak ongi doazela adierazi du. Orain, ordea, "prozesuko beste pauso bat" eman nahi dute.

Gunea non izango den erabaki zuten, Urola kaleko 6an, eta egokitu egingo die gazteei. Hurrengo pausoa "barruko dinamika eta hitzarmena modu parte hartzaile batean" adostea da Udalarentzako. Horretarako, gazte guztiei zuzendutako bilera bat antolatu du. Helburua "gazteen onespen zabalena lortzea eta ahalik eta parte hartzaileena izatea" da.

Bilera abenduaren 2an egingo da Sindikatu Zaharrean. Arratsaldeko sei eta erdietan izango da eta honako gaiak landuko dituzte:

  • Prozesuaren aurkezpena (ibilbidea)
  • Prozesuan parte hartuko dutenen aurkezpena.
  • Kronogramaren aurkezpena.
  • Hurrengo bilera-eguna, ordua eta lekua zehaztea.