Gazteak kartzelara ez bidaltzea erabaki du epaileak

uztarria 2004ko abe. 1a, 17:12
  • Kaltetua indemnizatuta egoteak eta akusatuek aurrekaririk ez izateak ahalbidetu dute erabakia
  • Zigorra bertan behera utzi da, bi urteren barruan beste deliturik ez betetzearen baldintzarekin

Bertan behera utzi du epaileak 2002ko Elegante Eguneko liskarrengatik Azpeitiko 9 gazteen aurka ezarritako bi urteko kartzela zigorra. Azaroaren 3an egin zen epaiketan bakoitzari bi urteko kartzela zigorra eta hiru hilabetetarako isuna ezarri zien fiskalak, defentsarekin adostu eta gero.

Orduan, Luix Barinagarrementeriak, kode penaleko 80 eta 81 artikuluak baliatuta, kartzela zigorra bertan behera uzteko eskatu zuen. Eta halaxe gertatu da, kaltetua indemnizatuta dagoelako eta gazteek ez dutelako aurrekaririk.

Kartzela zigorra kendu die, baina bi urtean deliturik ez betetzearen baldintzapean. Gazteen adierazpena honakoa izan da: "Bagenuen kartzela zigorra kenduko ziguten itxaropena, baina, oraindik ere kezkatuta gaude bi urtetan edozer dela-eta kartzelara joan gaitezkeelako".