"Bakarrik jatea tristea duk; amarekin hobeto"

Gara 2004ko aza. 29a, 18:11
  • Pasa den larunbatean Gara egunkarian Mikel Labakak, Mikel Aranbururi eginiko elkarrizketa argitaratu zuen
  • Labakak herriko eta eguneroko kontuak atera dizkio Aranbururi

Mikel Labaka eta Mikel Aranburu Azpeititik Zubietara eguneroko bidaian solasean ari dira. Realeko lehen taldeko bi bizilagunak asteburuetan zaleak poztu ahal izateko entrenatzera doaz eta ideia hori beti daramate buruan, bere lana baita.

Labaka. Goizeko zortziak, iratzargailuak jo dik. Kanpoan euria. Hi galtza motzak jantzi eta entrenatzera. Perezarik bai?

Aranburu. Eguna gogotsu hasi beharra zegok; pereza maindire azpian uztea hobeto. Ahal diagun ondoen entrenatuta ere, nahiko lan izaten diagu partidak irabazten. Ez al duk hala?

Kotxean sartu gaituk Zubietara bidean. Zein musika CD entzungo diagu? Edo irratia nahiago?

Atzo, ordu erdian arazo mordo bat konpondu genian: taldekoak, Euskal Herrikoak, mundukoak... Gaur samba pixka bat entzungo diagu. Edo Aran -ek grabatutako CDbat nahiago?

Zarauzko ordaintokira iritsi eta kontrola. Gerrikoa jarrita diagu, baina ez zekiat horrekin konformatuko diren...

Badazpada ere, Paco de Luciaren CDa jarriko diat. Hik jertsea lotu eta txima horiek txukundu, bestela entrenamendu bukaerara ere ez gaituk iritsiko.

Iritsi gaituk Zubietara. Ordu erdi pasatxo behar izan diagu bidean. Zenbait azpeitiar lehenago iritsiko zuan...

Azkartasuna erakusteko errepidea baino leku aproposagoak bazaudek eta berriketan lasai joatea hobe diagu. Gainera, nire kotxeko gurpilak aldaketa eske ari dituk.

Entrenamenduan, entrenatzaileak iganderako pentsatua duen hamaikakoan sartu hau. Zelaian nahiago aulkian baino, ezta?

Bai, noski. Halere, jokatzearekin ez gaituk konformatzen. Taldeak irabazi, zaleei joko ona eskaini, norberak ondo jokatu... Helburu guztiak gutxitan bete arren, saiatzeak ere zerbaitetarako balioko dik.

Aldagelatik irten eta 10-15 ume inguratu zaizkik, denak presaka, sinadura eske. Regateak egiten ez haiz makala, baina ez zegok horiek erraz atzean uzterik, ezta?

Horien poztasun aurpegiak ikusteagatik merezi dik minutu batzuk pasatzea. Halere, kontuz ibili elkarri boligrafo punta begian sartu gabe!

Azpeitra iritsi eta "mamuak" kalean. Ez al zitean ba bosna urteko kartzela zigorra jaso behar?

Hortxe zeudek denak epaiketatik bueltan, kartzelaren "mamua" mementoz uxatu ditek, baina merezi gabe pasatako estuasun eta une txarrak ezin ahaztu egun batetik bestera.

Bazkaltzeko gogoa ere egin zaiguk. Bazkaltzera heure etxera edo amak prestatutakoa hobeto?

Bakarrik bazkaltzea tristea duk ama bertan izanda. Gainera, oraindik ni baino sukaldari hobea duk eta ikasteko ere ez zaidak gaizki etortzen, ez horixe!

Bazkalondorena. Siestarik bai? Zer plan daukak arratsalderako?

Gaur mendi bueltatxo bat emateko asmoa nian, baina aldaketa eske ari zituan gurpiletako batek uste diat onenak eman dituela. Gurpila aldatzerako ilunduko zaidak seguru asko.

Gauean, oheratu aurretik, irratsaio batera deitu duen pertsona batek honela esan dik: " Realak galtzen duenean ez dut lorik egiten". Zer pentsatu duk?

Hurrengo gauean azkarrago hartuko dik lo. Gu saiatuko gaituk irabazten edo, gutxienez, berdintzen eta jendeari poz pixkat emateko gai baldin bagaituk, denontzat hobe.